Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Sermolaria

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Zerutik datorrena. «Sermoia dirudi zureak», bota zion Maite Artolak Pablo Joxe Aristorenari irribarreari eutsi ezinik Faktoria-n, kolaboratzailea ostiral goizeroko Posdata-ren tartean Gotzainen Konferentziaz ari zen bitartean. Besterik ez genuen behar! Onar dezakegu Aristorenaren mintzaldiek ex catedra mintzo denaren intonazioa hartzen dutela, bere iritzia —jakingarria— lausotzeraino kasik. Gainera, haren tartea aurkezteko Artolak egiten duen eszenifikazioak ere sentsazio hori indartzen du: udalgintzan trebatutako hiru solaskideak (Serrano, Idoiaga eta Etxeberria) aurkezten ditu lehenbizi, eta horiei hitza eman ordez, Posdata-ren egilearengana garamatza segituan; ahots bat zerutik baletor bezala, argia ematera solaskideei ez ezik, entzule-lurtarroi ere. Forma dela eta, Aristorenak zer kritikatua edukitzea gauza bat da, baina, gainera, bere edukia ere auzitan jartzen hasten bagara...

Eskaintza. Prentsak Elizaren alderik txarrenak azaltzen dituela adierazi zion Aristorenak Artolari, herenegun. Adierazpen horren atzean, zergatik ez, irratsaio propio bat egiteko eskaintza egon liteke. Irratsaio hipotetikoko horrek zerako misioa eduki dezake: begiak irekitzea askoren bizimodu eta kulturan onmipresentea izan den, eta izaten segitzen duen Eliza Santuaren diskurtsoa gaizki interpretatzen dugun bekatariei.

'Off'. Goizean esnatu eta mundua nola doan jakiteko Boulevard-eko 08:00etako goiz albistegira eta tertuliara itsasten diren milaka entzuleek egunotan ez dute aditzerik izan zer zegoen iragarrita atzorako Bilbon eta Baionan. Ondo ilustratu gaituzte Sanchezen gobernuaren inguruan, baina nonbait, haren egitekoen agendan ez da presoen auzia ageri. Sareko antolatzaileen osteguneko prentsaurrekoari buruzko aipamen xixtrin batek ere ez du kabidarik eduki ostiral goizeko albistegian; irrati estudioetatik metro gutxira, kalean, euskal herritar andana biltzekoa zela atzo, horrek ez dauka albistearen kategoria; bai, ordea, Bilboko udal bizikleten tarifa igoerak. Atzo, REko entzule batek baino gehiagok iratzartze arraro samarra edukiko zuen Cronica Euskadi-fin de semana saioa piztuta. 08:30ean, Algecirasko kartzelara bisitan zihoazen herritarrekin osatutako erreportajea, Xabier Urteagaren eskutik. Horren ostean, politikarien tertulian presoen gaia aztergai, Ander Arzakek gidatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.