Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Sartzeko moduak

2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Hitzen balioa. EITBko bi irrati handiek gertaera berberari maiz ematen dioten tratamendu ezberdinaz jabetzeko, Iruñeko etxe okupatua har dezakegu lagungarri, astelehen goizeko albistegien eskutik. Ez da gauza bera «sartu egin dira» (Faktoria, Euskadi Irratia) eta «sartu behar izan dute» (Boulevard, Radio Euskadi) adieraztea, foruzainek orain zortzi egin zutena azaldu nahi denean. Lehenak deskripzio aseptikoa egiten baitigu. Bigarrengoak, ostera, badauka intentzionalitate bat: lege naturalaren ondorioa izan da, neguan euria egitea bezala. Estatu polizial baten logikara hurbiltzen gaituen terminologia, azken batean. Horrez gain, detaile esanguratsua ere bada informazioa osatzeko orduan parte bati, okupatzaileari, aukera ematea bere bertsioa eman dezan euskarazko irratiak, eta hori ez egitea gaztelerazkoak.

Izena, izana. Tarte zabala eskaini zien aferako beste bi parteei (Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko alkatetzari) Boulevard saioak, elkarrizketa banaren bitartez. Horretan, eta hitzen erabilera interpretatzen hasita, ematen du zer aztertua esatari berberak astelehenean Maria Solanarekin «Rozalejoko jauregia» aipatzea, eta ostegunean Joseba Asironekin, berriz, «Maravillas gaztetxea»...

Zestoa, EAEn oasia. REko albistegiak ari dira pausoak ematen euskarak gutxieneko presentzia eduki dezan. Esaterako, kaleko anonimoen adierazpen laburren atalean. Baina bada zertan hobetua. Astelehenean, Zestoan (Gipuzkoa) kale inkestatxoa egin ziguten Pablo Ibarren harira, eta bi pertsona euskaldun aditu genituen. Segidan, baina, kristau ikastetxeen greba dela eta, lau guraso erdaldunen adierazpenak bildu zizkiguten. Identifikazio eskematikoa transmititu ziguten, nahita ala nahigabe: Zestoa-euskara, EAE-gaztelania.

Venezuela. Nazioartean istilu larriren bat gertatzen den aldiro, iritzi bat osatzeko datuen faltan, Jesus Torquemada adituarengana joko du EITBko irrati entzule askok, ideologiarik gabeko azterlari objetiboa delakoan. Venezuelan bi aldeek nortzuen babesa daukaten galdetu zioten REn herenegun. Hona bere berediktua: Madurok, militarrak, bere miliziak, nazioarteko lagun batzuk, hiruzpalau nazio bolibarianoak, eta, botereari eusteko abilidade iruzurtia; Guaidok, nazioarteko aitormen zabala, kalea (gizartea) eta diasporako venezuelarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.