Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Gurea, arrotz

2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Muturrekoak. EITB komunikazio taldean, irratietako kirol sailetan behinik behin, arras muturrekoa da erakusten duten mundu ikuskera. Hizkuntzak, eta zer edo zerk gehiagok, jartzen dute marra banatzailea, nonbait. EIn Maitane Urbietak Mezularia saioan adierazten digu, konbentzi-konbentzituta, Azpeitian bart gauean jokatu den herri kirolen pentatloiak egundoko ikusmina eragin duela kirol munduan; Jose Mari Apaolaza eta Jon Ander de la Hozek ere, Kirol legez saioan, tarte zabala eskaini diote finalari, sei kirolariak binaka elkarrizketatuz egunez egun. Baina hor nonREko kirol saioek aste osoan ez dioten hitz erdirik ere eskaini lehiari; RE besterik entzuten ez duten Euskal Herriko entzuleek haren berri zipitzik ez dutela eduki, alegia. Nahiz eta beren leloa izan kirolaren informazio guztia, gurean. Golfaren inguruan, konparazio batera, ondo informatuta eduki gaituzte aste osoan.

Simaur usainekoak. REn Kirolaldia eta Fuera de juego kirol saioak osatzen dituen lan taldearentzat (soilik gizonez osatua, bide batez), herri kirolak baztergarriak dira. Iruditzen zaie estropadei eta esku pilotari arreta jarrita aski dela, bete dutela euskal kutsuko espedientea euskal komunikabide publiko batean. Gurean sustraitzen diren eta hemengo kirolariek praktikatzen dituzten herri kirolak eta kirolariak baserriarekin —eta euskararekin— identifikatzen segitzen dute. EITBn euskarazko irratia egiten duten senideentzat uzten dituzte simaur usaineko kirol horiek. Lokalistak, folklorikoak, zaharkituak dira. Golfa, aitzitik, Euskal Herrian maitatuagoa da, eta zabalduagoa dago. Unibertsala da.

Altuna, zokoragarri. Herenegun gauean, Fuera de juego saioan, Jagoba Arrasateren prentsaurrekoa zuzenean ematea erabaki zuten, Osasuna-Betis amaitu berritan. RE, Diario de Navarra, Radio Marca, Cope Navarrako eta beste zenbait komunikabideetako kazetarien galderak eta Jagobaren erantzunak, elkarren segidan. Jon Altuna EIko kazetariaren txanda heldu zen arte. Mutilaren euskarazko bizpahiru hitz baino ezin izan genituen entzun, moztu egin baitzuten Iruñearekiko konexioa. Pedro Fernandez de Retanak zuzentzen duen irratsaiokoei zera irudituko zitzaien, Altunaren galderak ez zeukala gainerako kazetarienen sustantziarik. Edo, euskara arrotza dela RErentzat eta bere entzuleentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.