Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Zenbakien anbiguotasuna

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Zenbakiak dantzan. SER katea bulartsu azaldu zitzaigun orain aurretik EGMren azterketa eskuetan zuela, esanez Euskadin «eztabaidan jarri ezineko audientzia liderra» zela eguneko ordu guztietan (222.000 SERek, eta 142.000 REk). Baina, ostiralez geroztik, REko Boulevard-ekoak ari zaizkigu matraka ematen CIESen ikerketaz baliatuta, beren irratsaioa Euskadin entzunena omen delako. Zenbakiak ez datozela bat. Baliteke audientzien neurketa ez izatea aritmetikaren zientzia, baina zenbakiak aldiro publikatzeko makineria da. Eta joko hori onesten dute irrati horiek.

Sinesgarritasuna jokoan. CIES eta EGMren zenbaki zaparrada erabil daiteke posizio onean agertzeko iragarle potentzialen aurrean. Baina entzuleei begira kopuruen gerran eta mezu kontrajarrien dinamikan sartuz gero, nahasmena eragin dezake; batik bat, biren entzuleengan. Izan ere, ikerketa etxeek emandako datu zehatzekin, nork bere paparrean ipini badu irabazlearen domina, fidatzekoak ote dira entzuleei errealitatearen kontakizuna egitera jartzen direnean?

EITB Musika. Irrati hori euskaraz emititzen duten irratien zakuan —EI eta Gaztearekin batera— sartzen du EITBk oharretan. Etxe horretako komunikazio bulegoak akaso ez, baina haren ustezko 25.000 entzuleek badakite elebiduna dela irratia, nahiz eta euskarak gaztelaniak baino presentzia handiagoa eduki.

Un kafe a la donostiarra. Eva Monente esatariak donostiarren tertulia zuzentzen du Donostiako SER katean, astelehenero (12:30-13:00). Txomin Arizmendi, Jesus Mari Alquezar, Pilar Romea eta Felix Perez dira solaskideak gehientsuenetan (Cristina Lagek orain aurretik utzi du taldea, Ernesto Gascoren zerrenda azaldu zenetik; ez denez zinegotzi atera, itzul liteke laster). Beren burua hiritartzat daukate, Donostiaren eta donostiarren interesei begiratzen dietenak, adinez erretiroa hartutakoak, eskarmentuaren ahots. Donostiako eta Gipuzkoako bozen emaitzak ikusita, Gipuzkoa osoan (baita Kontxako baranda konparazionetik ezin aparteago diren Leintz Gatzagan, Ataunen eta Mutrikun ere), hasperen sakon eta bateratu bat aditu genuen astelehenean: ordenak eta moderazioak irabazi du, lasai egon gaitezke. Besterik espero zitekeen, ala? Tertulia osatzeko profil jakineko donostiarrak hautatu diren unetik beretik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.