ANALISIA

Bilduren plana, eta zenbakien dantza

Joan den ostegunean GHK-ko arduradunek Zubietako TMB plantara egindako bisita. GORKA RUBIO / FOKU.
inaki petxarroman
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Hasi dira hondakinak jasotzen Zubietako (Gipuzkoa) tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) plantan. Probetan hasi dira aurrena, eta, bi hilabeteren ostean, ofizialki funtzionatzen hasiko da azpiegitura, aurreikusitako epea baino hiru hilabete lehenago.

Foru hauteskundeen kanpainaren atarian kolpea eman dute GHK zuzentzen duten bi alderdiek —EAJ eta PSE-EE—. Erakutsi nahi izan dute emandako hitza bete dutela, eta Gipuzkoak kontrolpean duela hondakinen gaineko kudeaketa «autonomoa», aurreikusitako epeetan, eta, gainera, «aurrezte nabarmenarekin».

Alabaina, operazioari zorrotz begiratuta, badira beste ñabardura garrantzitsu batzuk ere.TMBaren abiatzea aurreratzeko GHK-k enpresekin zuen kontratua moldatu behar izan dute, eta zehaztu dute uztailaren 3tik aurrera ordainduko zaien kopurua: TMBa Zubietako inbertsio osoaren %33 denez, proportzio horretan ordainduko dute mankomunitateek erraustegia martxan jarri arte. Hots, hilean 660.000 euro. Erraustegirik gabe funtzionatuko duen aldi autonomo hori —sei hilabete, urtebete edo bi urte izan—, ordea, ez zaie deskontatuko enpresa emakidadunei kontratuan onartutako ustiatze epetik. Hau da, 32 urte gehiago izango dituzte gero ere TMBa eta erraustegia batera kudeatzeko. Beraz, TMBaren fase honetan enpresei ordaindutako dirua gehigarri bat izango da, kontratu nagusiari ezertan eragingo ez diona.

Operazioaren bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko GHK-k egindako txosten baten arabera,TMBa aurreratzeak segurtasun handiagoa emango dio partzuergoari erraustegiaren balizko atzerapen baten aurrean. «Zuhurra da atzerapenak aurreikustea, gerta daitezkeen hamaika ezustekorengatik», dio. Mutiloako zabortegia ixteko epea luzatzeko gomendioa ere norabide berean egin du txostengileak. Berez, GHK-ko arduradunek orain arte tabutzat zuten atzerapenaren kontzeptua erabili izanak pentsarazten du ez dela pare bat hilabeteko kontua izango, baina denborak esango hori. Nolanahi ere, beste faktore bat hartu behar da aintzat: TMBa bakarrik erabili ahal izateko, GHK-k tramitatu beharko luke ingurumen baimen bateratuaren (IBB) moldaketa bat, baina ez du halakorik egingo, «probaldirako» indarrean den IBBa nahikoa duela iritzita. Uztailaren 3tik aurrera, baina, TMBa ez da probaldian egongo, bete-beteko funtzionamenduan baizik.

Pentsa daiteke zilegia dela ingurumen baimena ez berritzea, eragina txikiagoa izango delako erraustegiaren labeak martxan jarri gabe. Baina, aurreko agintaldian, Bildu erakundeetan zen garaian, Jaurlaritzak ukatu egin zion bi azpiegituren baimen bateratua erabiltzea TMB plantarentzako bakarrik, jatorrizko proiektuari «funtsezko aldaketak» egin izana argudiatuta.

Orain, berriz, Bilduren antzeko plan bat —berrikiago GuraSOS elkarteak ere aldarrikatu du halako bat— jarriko du martxan EAJ-PSE tandemak: errefusarentzako TMB bidezko tratamendua eta egonkortutako hondakinen isurketa —kasu honetan, Mutiloara—. Beraz, erraustegirik gabeko kudeaketa posible zela frogatu dute. Nabarmen merkeagoa, gainera: GHK-k berak egindako kontuen arabera, hilean 913.646 euro ordainduko dute udal eta mankomunitateek TMBa-Mutiloa bikoa indarrean den bitartean. Erraustegia pizten dutenean, berriz, 1.866.000 eurora joango zaie faktura. Hots, aurrekoaren bikoitza. Hori 32 urtean, eta errautsen tratamendu gastuak kontuan hartu gabe. Zer pentsatua ematen dute zenbakiek, erraustegirik gabe aurrezpena ez litzatekeelako bakarrik izango CO2, metal astun eta dioxinen isurketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.