urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Aldaketa bat eta galdera mordoa

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Zelan gertatu den inork ondo ez dakiela, Mariano Rajoy ez da Espainiako presidente, eta PPk ez dauka herrialde horretako gobernua. Bagenekien Gurtel ustelkeria kasuaren epaia iristear zela, eta litekeena zela gogor zigortzea PP, baina inola ere ez horren ondorioa gertatu den hau izatea. Zurrunbiloan giroa itzel toxikoa zen edozein aurrerakoirentzat, eta nazio periferikoentzat bereziki. Espainiar nazionalismoa harro dabil, Kataluniako hondartzetatik Gaztelako balkoietaraino. Espainiaren krisi sistemikoan erantzun indartsuenetako bat bandera astintzea izan da.

Konspiraziozale izan gabe ere, agerikoa zen denok buruan ditugun estatu-gizonek eta bestelako eragile ekonomikoek, politikoek, militarrek, Elizakoek eta abarrek osatzen duten Estatu sakonaren esku luzea. Operazioa abian zelakoan geunden, UCDtik APrako aldaketaren XXI. mendeko bertsioa izango zen zerbait, une zehatz batean PP hondoratzen utzi eta une zehatz horretan erabat hauspotu eta babestu Ciudadanos. Zailagoa zirudien operazioaren esperientzia zuten: errege bat joan, eta haren semea ziztu bizian ezarrita. Monarkikoa ez ei zen baina frankismotik demokrazia liberalera trantsizioa aitortzen zion Espainia juancarlista hark erabateko akritikotasunez onartu zuen aldaketa.

Felipe VI.a errege berri hori izan zen, iazko urriaren 3an, Pedro Sanchez kate motzean lotu zuena. Bi egun ziren Kataluniako erreferenduma indarrez eragozten saiatu zela Rajoyren gobernua; kritika nagusiak independentistei eginda ere, Poliziaren oldarraldien aurka agertu zen Sanchez, eta elkarrizketarako deia egin zien Rajoyri eta Puigdemonti. Zurrunbiloaren erdian, jantzi zibilez baina hizkera militarrez agertu zen Felipe Borboikoa Kataluniari gerra deklaratzen. Eta bere alderdiko jauntxoei aurre egin zien Robin Hood hark (urtebete baino ez da primarioak irabazi zituela) otzan-otzan ameto eman zion monarkari. Geroztik, ukabila altxatzen zuen liderrak eskuinera eta espainiar nazionalismora jotzea etengabea izan da. Unea ikusi eta baliatzeko gai izan den arte. Kongresura diskurtso aurrerakoia eta ilusioa piztekoa ekarri du, bezperan nazi deitzen zien katalanei begirunea adierazi die, Bildurekin konplizitate puntua bilatu du, eta EAJk entzun nahi zuena esan du. Esanguratsua UPNko Iñigo Alliri jaurtitakoa, haiekin bainoago gobernua indar aurrerakoiekin egitea nahiko lukeela azpimarratuz, PSN Nafarroako erregimenaren zutabe ezinbesteko izan dela ahaztuta, eta aldaketak ezinbesteko izan duela, halaber, PSN oposizioan egotea; atzoko manifestazioa bultzatu izana horren adibide. Urtebete barru UPNk hondoa joko balu agian bai, jakingo luke posizioa egokitzen (nork du gogoan PSEren kanpainako bideoa euskararen aurka?). PSOEk badaki zerbait lotsa izpirik gabe gaur gorri eta bihar zuri esateaz.

Hori guztia, bistan da, egonkortasunaren izenean, Europari mezua argi utzita: Sanchezek ere badaki gastuari eusten. Aldaketa bai, austeritatea ere bai. Eta zer diren gauzak, egun berean dator Sanchez presidente izendatzea, Kataluniako gobernua Espainiako Aldizkari Ofizialean agertzea eta, ondorioz, 155. artikulua kenduta autonomia berreskuratzea Kataluniak. Hortik aurrerakoak? Gauza bat da musu truk bozkatu izana, eta beste bat ezer egitea ezinezko duela irudikatzea, aurreko presidentearen itxura hobetze hutsera mugatu behar balu legez parlamentuan indar handirik ez daukalako soilik. Bai baitirudi tarteka, euskaldunek uko egin diotela behin eskuratuta betiko liratekeen lorpenei, bai gatazka armatuaren ondorioetan (transferentzia itxuran mozorrotuta gura bada), eta zergatik ez, lurraldetasunean hain garrantzitsua litzatekeen Trebiñuko ahalegina berriz aktibatzera.

Zer gerta ere, denerako prest egotea komeni. Zapaterok jasandako oposizio makurretik ikasiko zuten zerbait, datorrena ez da samurragoa izango. Baina haize kontra garaile irteten jakin duten buruzagiak dituzte orain bertan bai Espainian bai Katalunian/Berlinen. Gurean itsaslasterra aldatu dela ohartuta ziaboga bizkor egitera mugatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.