Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Bi parrokia, bi erlijio

2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Futbola futbola da. Zuzeneko bi erretransmisio eskaini zizkigun Onda Vascak herenegun, Athletic-Reala neurketarekin. Juanjo Lusa Gipuzkoarako aritu zen, eta Jose Manuel Monje irrati seinalea hartzen den gainerako tokietarako. Bi kontakizun, bi joko zelaitan ariko balira bezala; tristura eta ezkortasuna transmititu zen batean, alaitasuna eta baikortasuna bestean. Enpresa ikuspegi hutsetik, zaila da ulertzen bitasun hori, «baliabideen optimizazioa» dogmatzat hartu den honetan. Irratiak ere akaso aukera polita galdu zuen «bi aldeak» gustura sentitzeko moduko kontakizun partekatua egiteko, eta horrela helarazteko bi taldeen arteko lehia historikoaren —eta pasadizo zatitzaile patetikoen— gainetik senidetasuna nagusi dela. Horren ordez, irratiak bi parrokiak elikatu behar dituen mezua zabaldu zuen, inplizituki. Egia esan, bezperan bi esatariak mutur banatan jardunak ziren, Iñaki Williamsek mihi supiztailea zirkulazioan jarriaz geroztik. Lusarentzat, jokalariaren hitzak zorigaiztokoak («desafortunadas») izan ziren; Monje erabat identifikatuta sentitu zen horiekin.

Nor zertan. Aitor Perezek EIrako eta Aritz Agirrek RErako egin ziguten kronika bana Maria Txibiteren kargu-hartze ekitaldiaren gainean, abuztuaren 7an. Entzun ziren zenbait kontzepturekin (pluraltasuna, sentsibilitate aniztasuna, elkarbizitza, errespetua...) osatu zituzten euren kronikak. Eduki horri hizkuntzei eskainitako trataera gehitu zioten, esanez Txibitek gaztelania hutsez egin zuela hitzaldia. Perezek sakondu zigunez, Erribera interpretatu zuen Iruñeko Orfeoiaren eta parlamentuko presidente Unai Hualderen eskutik heldu ziren euskarazko hitz bakanak. Normaltasun osoz hartu beharko baikenituzke halako kronika politikoetan, eta baita bestelakoetan ere, hizkuntzaren trataerari buruzko erreferentziak. Errealitatea desitxuratzea baita, esaterako, ordubeteko ekitaldi batean euskaraz egin diren bizpahiru esaldiak jasotzea kronikan, ezkutatuz gainerakoa erdaraz izan dela.

Arrazoiketari tiraka. Agirrek zera ere adierazi zigun, Erribera abestiak Nafarroako pluraltasuna islatu zuela, alegia. Korrektoki jokatzeaz gain, jantzi egin zuen kronika, datu hori erantsita. Hori bai, arrazoinamendu berbera aplikatuz adierazi izan balu Txibitek ez zuela Nafarroako pluraltasun linguistikoa errespetatu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.