UHINETATIK TIRAKA

Eman hitza bazterrekoei

Xabier Lasa.
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gizarte zientzialaria. Manuel Lekuona saria eman diote Xabier Amurizari, mila ofizioko erudituari. Aitormena Eusko Ikaskuntza erakunde zientifiko-kulturalak egin izanak poztu duela aitortu du. Berea ere grina zientifikoa izan omen delako, gizarte fenomenoak argitu nahian. Buruz eta osasunez bikain dela, lanerako gogoz, esan zion Manu Etxezorturi aurrekoan. Eskarmentua eta memoria kiloka pilatzea eta guztiaren transmisiogile egokia izatea gutxiren esku dago. Hamabostean behin, Carlos Cid, Nerea Ibartzabal eta hirurak aktualitatea astintzeko biltzen dira Euskadi Irraiko Faktoria Magazina-n. Sakelakork gabeko bi heldu eta sare sozialetara itsatsitako gazte bat. Etzi dagokio txanda hirukoteari, 11:25etik aurrera.

Espainia halakoa da. Francok, milaka herritarren odola isuriz, boterea eta izugarrizko ondasun ekonomikoa lortu zituen 40 urtetan. Ondorengo demokraziako 45 urteetan, bere familiak ondasun horrekin guztiarekin jarraitu ahal izan du, eta gainera, ondare-pilatzailea ohorezko leku publikoan leku pribilegiatu batean eduki du lurperatuta, bere biktimak alboan, anonimatu iraingarrian ziren bitartean. Gorpuzkiak atera dituzte handik, estatu hileta solemnearen itxurako ekitaldian. Espainia erretratatu zaigu era horretan. Nahiz eta SER eta familia mediatikoko beste kideek —El País eta La Sexta batik bat— bitarteko guztiak erabili mezu jakina helarazteko, hots, Espainiako demokraziak herritar ororekin errespetuz eta duintasunez jokatzen duela.

Biktimen hitza. Cuelgamurosko mausoleo faraonikoan lurperatu zuten Lukas Ugarteren iloba Karmele luze eta zabal aritu zen Nagore Telleriarekin, Amarauna saioan, atzo; justizia eske jardun zuen, frankismoak bazterrean hilobiratu eta demokraziak leku berean daukan osabaren alde. Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok ere hitz egin zuen, saio berean. Arren, politikoak nahi adina mintza daitezela, baina aldi berean, hartu dezatela hitza eta protagonismoa biktimek, atzokoaren antzera; are gehiago, diktadorearen momiaren lekualdatzeak ezkutatutako errealitate bat azaleratu duenean. Izan ere, EITBn, biktimak entzuteko prestutasuna iraganeko kontakizun entretenigarriak diren heinean hasi eta bukatu baita maiz. Justiziaren eskakizunak eta boterearekiko kritikek ezinegona sortu izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.