Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Denak irabaztun

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Pilulak. Aipatzekoa da Euskal Erkidegoan 248.000 entzulerekin irrati liderra den SER kateak Euskaraldiari egin dion ekarpena. Pilula txikien bidez, gaztelania ez den beste hizkuntza baten existentziaz ohartarazi gaitu. Hoy por Hoy Euskadi saioan, 06:50ean, pertsona anonimoek euskararekiko bizipena kontatu digute, minutu batean. Webgunean, tarteka, albistetxoak euskaraz idatzi dizkigu AloƱa Velasco esatariak. Eta Gipuzkoako albistegietan, Realeko entrenatzaile Garitano eta jokalari Illarramendi ere euskaraz sumatu ditugu hamar segundoko adierazpenak eginez; tira, haien ahotsak ziruditen behintzat, urrun-urrunetik; izan ere, emakumeitzultzaile baten ahots garbiaren azpitik ari baitziren. Roberto Ramajo esatariak argitu zigun Realak jarritako itzultzailea zela emakumea. Alegia, itzultzailearena aukeran edukita, irratiak nahiago izan zuela gaztelania.

Mugiaraziko dituena. Euskara hutsean egin zuen prentsaurrekoa Garitanok astelehenean, eta REko Fuera de juego saioak osorik eman zuen. Kirol esatarien keinua Euskaraldiari, ala hizkuntza politika berri baten iragarpena, orain zortzi Ezkurdiarekin egin bezala? Euskaralditik atera daitekeen ikasgaietako bat izan daiteke futbol jokalari, entrenatzaile, pilotari eta abarrei konpromisoa eskatu beharko zaiela, ez urtean behin, gehiagotan baizik euskaraz soilik hitz egin dezaten. Ea jokabidez aldarazten dituzten euren esanak jasotzetik bizi diren kirol kazetariak. Eta bide batez, Realari eskatu beharko zaio itzultzailea ez jartzeko lanean egun horietan.

Galtzailerik ez. EGMren azken audientzia-neurketen gaineko irratien informazioek gutxi daukate informaziotik. Hauteskunde osteko politikariak dirudite, datu objektiboekin interpretazio interesatuak osatuz. Betaurreko distortsionatua janzten badakitela erakusten digutenez, auzitan jartzeko modukoa da horiengan egunero jartzen dugun konfiantza, munduan gertatzen denaren kronika egin diezaguten.

Gezurrak. Fokua interesatzen den tokian jartzeaz gain, izan da gezurretan aritu zaigunik ere. Carlos Herrerak ostiralean zioen Susana Diezek uko egin diola elkarrizketarako eskaintzari, eta, horrekin, bizkar eman diola Andaluzian adituena den irratsaioari. EGMko datuek diotenez, ordea, han SER katea da liderra, eta 100.000 entzuleko abantaila ateratzen dio Coperi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.