mikel rodriguez
ANALISIA

'Neverendum'

2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Josh Freed zutabegile quebectar anglofonoak neverendum solasa asmatu zuen 1992an, hiru hitz elkartuta egin zuen hitz jokoa: never (inoiz ez), end (bukatu) eta referendum. Quebeceko independentziari buruzko erreferendumaz ari zen Freed neverendum erabili zuenean. Quebecek 1980an egina zuen bat, eta 1992an bertze bat egiteari buruzko eztabaida betean murgildua zegoen herrialdea —1995ean egin zuten—. Bertze erreferendum batera deitzearen aurka zegoen Freed, 1980koak quebectarren borondatea ezarria utzi zuelakoan, eta halako galdeketa bat egiteak zirkulu amaigabe bat sortuko zuelakoan, eragin negatiboekin. 2017an berriz heldu zion gaiari Montreal Gazette egunkarian. «Ideiarik ere ez nuen nire hitzak etorkizunean Atlantikoa gurutzatuko zuela, eta fenomeno global aztoragarri bat iragarriko zuela». Brexit-aren eztabaidaren harira idatzi zuen artikulu hori. Tonu ironikoan eta sarkastikoan idatzi zuen, eta erreferendumen aurkako aldarri argia egin zuen.

Freedek berak bertze erreferendum bat aipatu zuen artikulu horretan, eta mundu zabalean neverendum hitza ezagun egitearen arrazoia izan zen: Eskoziaren independentziari buruzkoa (2014). Unionistek, Ingalaterrako politikariek eta hedabide handiek erabili zuten, unionisten garaipenaren ondoren independentziari buruzko auzia ixteko. Independentistentzat paradoxa mingarria gertatu da, haien hautuari aurka egiteko argudioen artean erabili baitzuten Eskozia Erresuma Batutik banatuz gero automatikoki EB Europako Batasunetik aterako zela, baina, azkenean, Erresuma Batuaren batasunaren alde zeudenek erabaki zuten EBtik ateratzea, handik bi urtera egin zuten brexit-ari buruzko erreferendumean.

Eta orain, bertze paradoxa, brexit-ak duela aukera neverendum bihurtzeko. Freedek ia erreferendum mota guztiak gaitzesteko erabili zuen hitza, baina egia da brexit-aren gatazkan protagonista diren ia alde guztiak dilema batean paratu dituela bertze erreferendum bat egiteko aukera mahai gainean jartzeak. EBn zalantzarik gabe jarraitu nahi zutenak zeuden 2016ko erreferendumaren aurka, baina orain irtenbidetzat ikusten dute bertze bat egitea. Kontrara, 2016koa bultzatu zutenek ez dute bertze bat egin nahi. Eztabaidak mami sakona du, erreferendum baten funtzioa, balioa eta ziurtasuna bera paratzen baititu jokoan. Brexit-erako bertze erreferendum batera deitzeko arrazoi bakarra da lehenbizikoaren emaitza betearazteko prozesua nahas-mahas handi bat bilakatu dela. Beraz, inplizituki erran nahi da herritarrek erabaki okerra hartu zutela orduan, eta orain aldatu egin beharko luketela erabaki hori. Laburbilduz, lehenbiziko erreferenduma baliogabetzea litzateke. Ez litzateke lehenbiziko aldia izanen herritarrek erreferendum batean erabakitakoa baliogabe gelditzen dena —Kataluniako estatutuari (2006) eta Greziako erreskateari (2015) buruzkoekin, errate baterako—, baina aurrekari apurtzaile bat litzateke, emaitza baliogabetzeko erabakia ez bailuke herritarren borondatearen gainetik kokatu den organo batek inposatuko, herritarrei beraiei eskatuko bailitzaieke aitzineko erabakia zuzentzea. Eta, gainera, kontuan hartu beharrekoa da Kataluniako estatutuaren eta Greziako erreskatearen kasuetan ez bezala, brexit-ari buruzko erreferenduma lurraldetasunari buruzko erreferendum bat dela, estatuen arteko egitura konpartitu batean jarraitu ala ez erabakitzekoa; hau da, funtsean, estatu batetik bereizi ala ez erabakitzeko independentzia erreferendum baten kasurik antzekoena.

SNP Eskoziako Alderdi Nazionala eta independentistak brexit-erako bertze erreferendum baten alde agertu dira. Arrazoi sakonak dituzte haserre egoteko, europazale izan baitira beti, EBtik ateratzea beldurra sortzeko argudio gisa erabili baitzen haien aurka 2014an, eta 2016an eskoziarren gehiengoak argi bozkatu baitzuen EBn gelditzearen alde. Baina SNPk kontraerranak ere baditu: erran zuen ez zuela onartuko 2016ko erreferendumean Erresuma Batu osoa izatea erabakitzeko esparrua —lau nazioetako bakoitza izatea nahi zuen—, eta, Westminsterren erreferendumera deitzeko legearen aurka bozkatu bazuen ere, galdeketa Londresen arauekin egitea onartu zuen, eta ez zuen ez boikotik, ez abstentziorik bultzatu. Orduko emaitza baliogabetzeko esperantzan mintzatu da bertze erreferendum baten alde, baina etorkizunean ziurgabetasun hori Eskoziako eztabaidan ere susta lezake alde unionistak.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, berriz, ezezkoan dago erabat, eta, Jeremy Corbyn laboristen buruak atzo aukera aztertzearen aldeko adierazpen xume batzuk egin bazituen ere, nahiko agerikoa da gaia deserosoa zaiola. Batak zein bertzeak aurre egin beharko liokete hain garrantzitsua izan den erreferendum bat baliogabea dela errateari. Zer-nolako indarrarekin erreakzionatuko lukete brexit gogorraren aldekoek? Irlandako unionista gogorrenek eta loialistek giroa aztoratuko al lukete? Eta, Nigel Farage UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko lider ohiak erran bezala, emaitza 2016ko berbera balitz? Eta, orain EBn gelditzeko aukerak irabaziko balu, zer ondorio utziko luke azken urteotan gertatu denak? Erreferendumak burujabetza ekintza gisa prestigiatuko lirateke, edo emaitza errespetatzen ez zaien prozesu ziurgabe gisa desprestigiatuko lirateke? Ia ziurtzat erran daiteke bigarren erreferendumak bidea urratuko balu brexit-eko prozesuaren hamaikagarren atal ezezagun eta zirraragarria irekiko litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.