Mikel Insausti Muguruza.
IRITZIA

Etorkizuna, orainaldiaren zabortegi?

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Maria Joaquinak jaioberritan hartu zuen lehen arnasean, 1824. urtean, atmosferan beroketa eragiten duten gasen 290 milioiko zati barneratu zituen bere birika txikietan. 2017an jaiotzean, Ikerrek 412 milioiko zati arnastu zituen. Nire aitaren herenamonaren eta ene semearen jaiotzen artean, karbonoaren kontzentrazioa airean %42 hazi da, eta tenperatura ia gradu zentigradu bat. Ez dirudi asko denik, baina ekar dezagun gogora azken 800.000 urteetako mailarik altuenetan daudela orain biak, eta gradu zentigradu erdiko aldea nahikoa izan daitekeela klima aldaketaren inpaktu batzuk bikoizteko (adibidez, lehorteen iraupena edo muturreko euri jasen maiztasuna).

Paradoxikoa bada ere, kontzentrazio maila horietan CO2a ez da ugaztunentzat osasun arrisku bat. Baina eragiten duen berotegi efektuak klima aldaketak dakartza, eta horrek ekosistemen osasunean, espezie askoren biziraupenean eta, ondorioz, gure bizimoduan eragin dramatikoak ditu.

Horregatik, duela hiru urte, Parisen, munduko gobernuek adostu zuten mende honen bukaerarako berotegi efektua 2 gradura mugatzeko neurriak hartzea, eta ahaleginak egitea 1,5 graduak ez gainditzeko (gogoratu jada gradu bat hazi dela maila aurreindustrialetatik). Neurririk hartu ezean, berotzea lau gradutik gorakoa izango da batez beste, zientzialarien arabera, eta horrek giza bizitzaren oinarriak kolokan jarriko lituzke munduko eskualde askotan.

Donostian martxoaren 6tik 8ra Change the Change konferentzian 50 hizlari eta 600 partaidek eztabaidatu dugu klima aldaketari buruz; tartean, gobernu ezberdinetako arduradunak, enpresetako ordezkariak, diziplina anitzeko zientzilariak, kazetariak eta gizarte zibileko herritarrak. Konferentzian, Daniel Innerarity filosofoak ongi definitu du bizi garen garaia: «Gure gizarteak etorkizuna kontsumitzen ari dira modu arduragabean. Etorkizuna orainaldiko zabortegia da. Pizgarri gutxi ditugu oraina aldatzeko, berehalako gogobetetzea bertan lortzen baitugu. Aldaketa soilik etorriko da etorkizuna orainaldira ekartzen badugu. Etorkizunetik ikasi behar dugu, ez iraganetik, zeina ez den berriz errepikatuko». Gogoetarako hitz sakonak horiek.

Parisko goi bileraren ostean, gobernu askoren erantzuna izan da klima aldaketa mugatzen lagunduko duten legeak, estrategiak eta planak adostea. Gobernu maila guztietan, gainera. Europar Batasunak helburu zehatzak finkatu ditu 2020., 2030. eta 2050. urteetarako. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bere gobernuak onartutako hiru tresna aipatu ditu konferentzian: klima aldaketako lege aurreproiektua; klima eta energia nazio plan integratua; eta trantsizio ekologiko justu baterako estrategia. Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko klima 2050 estrategia goraipatu du; Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, Gipuzkoa klima 2050 estrategia; Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak, Donostiako klima 2050 ekintza plana azaldu du; ahaztu gabe Euskadin 50 udalerrik dutela klima aldaketaren kontrako ekintza plan bat.

Etorkizuna orainaldira ekartzeko, estrategia eta plan horiek guztiak beharrezkoak dira, baina arrisku nabarmen bat dago: gobernuek denbora eta energia gehiago baliatzea planak adosten eta garatzen, horiek gauzatzen baino. Konferentzian parte hartu duten gobernu ordezkariak entzunda, iruditu zait nork asmo handiagoko helburuak aurkezteko lehia batean zeudela. Helburu horiek errealitate ukigarri bat izango bailira, gainera! Batzuk aitortu didate, ordea, legealdia bukatzear dagoen honetan gauzapena motz edo ezerezean gelditu zaiela. Energia Berriztagarrien Fundazioko lehendakari Fernando Ferrandok modu esanguratsuan adierazi du: «Munduko plan eta estrategia hoberenak ditugu, baina ez dugu horietako bat bakarra ere gauzatzen».

Aldaketa aldatzea (change the change) nahi badugu, modu positiboan alegia, gobernatzen gaituztenen partetik ekintza konkretu, zabal eta esanguratsuak behar ditugu, plan horiekin guztiekin koherenteak direnak. Jarraian, euskal administrazio publikoen eskuetan dauden hiru esparru aipatuko ditut, non ekintza konkretu eta eredugarriak gauzatu daitezken:

1. Mugikortasuna: Auto elektrikoak erosteko diru laguntzak herritarren eskura jarri dituzte administrazioek. Koherenteagoa litzateke, ordea, erakunde publikoek erabiltzen dituzten milaka autoak elektrikoak balira. Ertzaintzak, herrietako poliziek, Osakidetzak, basozainek, eta abarrek eta abarrek erabilitako autoak berritzea tokatzen denean, zergatik ez soilik elektrikoz hornitu? Joan den urtarrilean, Ertzaintzak 400 ibilgailu berriren lizitazioa esleitu zuen: denak dieselak, bakar bat ere ez elektrikoa edo hibridoa.

2. Elikadura: Euskadin, egunero, zentro publikoetan 100.000 menu baino gehiago zerbitzatzen dira (hezkuntza zentroak, ospitaleak, adineko pertsonentzako egoitzak, eta abar). Jaurlaritzak kanpainak egiten ditu herritarrok bertako produktuak eros ditzagun. Noizko menu publiko horiek guztiak soilik modu jasangarrian (eta, zergatik ez, ekologikoan) ekoiztutako tokiko elikagaiz hornitzea? Landaguneetako ekonomia biziberrituko litzateke horrela, eta, bide batez, milaka tona CO2 isurtzea saihestuko litzateke.

3. Eraikin publikoak. Etxean energia aurreztu dezagun eskatzen diguten kanpainak etengabeak dira, baina noiz hasiko da administrazioa eraikin publiko (gobernuen egoitzak, eskolak, ospitaleak, osasun zentroak...) eta etxebizitza promozio publiko guztiak eraikitzen eta zaharberritzen energetikoki pasiboak izan daitezen? Diru eta gas isurietan aurrezpenak oso handiak izango lirateke.

Klima aldaketa txikitzeko neurriak hartzea denon erantzukizuna da, noski, herritarrena ere bai; baina botere posizioetan dauden horiena nabarmen handiagoa da. Planak eta estrategiak bai, baina ekintza zabal (ez puntual) eta koherentez lagunduak izan behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.