andoni egana
PLAZATIK

Bals(e)an

2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Obama eta Raul Castro azaldu dira elkarri hizketan eta munduari astindutxo bat eman diote. Gehienoi eragingo zigun zerbait: harridura, poza, gogoeta… edo guztiak batera eta aldi berean. Bateko eta besteko presoen askapenak berak ematen dio uneari halako pisu eta lilura bat, guk behintzat, errezeloak errezelo, inbidiaz sumatzen duguna.

Niri, euskaratik, adiskidetu hitza ume-umetatik belarrira zeinen goxo sartzen zitzaidan bururatu zait lehenik. «Aixkiratu al zarete?» galdetuko zizun amak, eta hasieran arrotz gertatuko zitzaizun esamoldea, adiskide hitza erabiltzen ez zen lekuetan ere erabiltzen baitzen adiskidetu. Ikasiko zenuen apurka ordea eta ditxosozko hitza maitatzera iritsiko zinen, beti agertzen baitzen denboralearen ondorengo barealdiari lotua. Eta gerora, madarikatuko zenuen txostenen batean —non bestela?— lehenengoz berradiskidetu hitza asmatu zuena. Ez baita hitz alferrikakoagorik. Adiskidetu-k berak biltzen du bere baitan aldez aurretik izandako haserrealdia eta ez du inongo ber-ik behar, ez aurretik eta ez atzetik.

Denboraren joana etorri zaizu gero gogora. Blokeoaren iraupena izugarri luzea izan dela konturatu zara. Kuba eta Estatu Batuen arteko harremana beti ezagutu izan duzula mingostua eta hala ezagutu behar izan dutela, derrigor, zure adinekoek eta gazteagoak diren guztiek, munduratu zinen urte hartaxetik baitator. 1961 urrun hartan, Palestina eta israeldarren arteko sei eguneko gudua gertatzeke zegoen; IRAren oldarraldirik handiena ez zen iritsi; Vietnamen berri ez genuen; Franco osasuntsu zegoen; ETA sorrera urteetan; Uztapide ez zen artean txapeldun eta Urtain Ibañarrietako baserritik urrundu gabea zen. Jabetuko zara gainera, umezarotik nerabezarora bidean, euskaraz ikasi zenituela alde bata goraipatzen zuten abestiak «Kennedy gure laguna zen, anaia bat bezala, askatasunaren Kennedy…» eta, paradoxikoki, gazteleraz bestea goraipatzen zutenak, «Cuba, qué bonita es Cuba…» edo «Cuando salí de Cuba...».

Francisco Aita Santuak erabakian izan omen duen parte hartzeak ere eman dizu zer pentsatua. Zeru-lurren arteko harremanak bideratzea zuten elizgizonek eginkizun nagusi behiala, zerbaitengatik ziren-eta Jainkoaren Ministro lurrean. Biaje horretarako bezeroak urriturik edo, bestelako bitartekaritza lanetan sumatzea ez zaigu jada bitxia gertatzen, Irlandan edo Euskal Herrian bertan ezagutu baititugu lan bertsuetan. Baina bada gutxienez xelebrea argian sinisten ez dugunok ere elizgizonei hain itzal luzea onartzea.

Blokeoaren haustura gertatu ondoko orduetan irakurri ahal izan ditugu bateko eta besteko enpresek zenbat irtenbide izan ditzaketen lehen ez zituztenak. Esportazio eta inportazio hitzak aipatu izan dira behin eta berriz. Turistak trumilka azalduko direla orain Estatu Batuetatik Karibeko irlara. Sos kontu soil bihurtu dute batzuek, kapitalisten mentalitatetik, sokorro deia ere izatera iritsi zen hura. Beste aldean Raul Castrok luze eta suhar azaldu du bere herriaren iraupen gaitasunari zor zaion garaipena. Ez dakit… Behin baino ez naiz izan Kuban eta ulergarri gertatu zitzaidan handik bueltan batek botatako esaldia: «Datu guztiak ditut baina ez naiz bakar bat interpretatzeko ere gai». Nik han sumatu nuena zen, moneta sistemak zenbat gaiztotu dezakeen denik gizarte modurik justu eta berdintzaileena ere. Bi monetarekin dabiltzan artean zail gertatuko zait Kubaren argi-itzalak ulertzea. Ez zitzaidan buruan sartzen orduan, eta ez orain ere, eskale mainati baten —eta hartu maina hitzaren bi zentzuetan— trebetasunak, dentista baten heziketa eta lanak baino etekin ekonomiko askoz ere handiagoak sortzea. Injustizia begien aurrean jartzen zigun esku-ahurrean utzitako txanpon bakoitzak. Samurrena da ordea urrutitik epaitzen. Akaso geu gara oraindik ere blokeatuak gaudenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.