andoni egana
PLAZATIK

Egokitasunaz

2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Joan den asteazkeneko BERRIAn Joseba Erkizia HABEko Zuzendari Nagusiak argitaraturiko idazkiak sortu dit zer pentsatua. «Gora Korrika! Gora Euskara! Behera patrimonializazioa!» zuen izenburu. Laburbiltze aldera, onarpen batekin hasten zuen artikulua: «Urtez urte borondateak batzen, elkartasuna sustatzen eta sektore berriak erakartzen saiatzen ari da buru-belarri AEK. Emaitza bistan da: euskara, euskaraz jakitea, euskaraz ikastea, euskaltegiak... euskal agendaren erdigunean egotea lortu du hamaika egunez. Gizartearen zati zabalago batera iritsi da, duela hamar-hamabost urte baino indartsuago doa Korrika. Hori positiboa da euskararentzat, positiboa da euskaldunentzat eta positiboa da gure arteko elkarbizitzarentzat».

«Baina» batekin dator HABEko Zuzendari jauna ondoren. «Zoritxarrez ordea, euskaltzaleen artean bada atzera bizi dena. Errealitate berrira moldatu nahi ez duena. Eusko Jaurlaritzari zegokion kilometroan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko hainbat ordezkarik eraman genuen lekukoa. Hiriburuan jendetza zetorren Korrikan, orain dela hamarkada gutxiko Vitoria hura ez ezagutzeko moduan. Poza eta jai giroa han ere. Bakar batzuek izan ezik. Euskaltzaletasun ziurtagiriak ematen dituzten togadunak balira bezala, Euskal Herrian Euskaraz taldekoek pankarta jarri ziguten atzean: 'Eusko Jaurlaritza, euskararen alde egon? Euskararen alde egin!!!'. Betiko ezineramana erakutsi behar berriz ere».

Eta ematen du Joseba Erkiziak bere epaia ere. «...Euskara irudi eta jarrera horiekin lotzeak gizartearen gehiengotik aldentzea dakar. Patrimonializaziotik ghettora ez baitago metro erdi bat ere. Ona litzateke Euskal Herrian Euskarazek ebaluatzea bere jarrera horiek, euskarara hurbiltzen diren eta euskaratik aldentzen diren herritarren balantzean, emaitza positiboa ote duten edo negatiboa ote duten. Alegia, Korrikan parte hartzen ari diren guzti-guztiekiko errespetua zaindu ezean, euskarari eta Korrikaren antolatzaile AEKri berari mesede egiten ote dieten ala kaltea egiten ote dieten».

Bakoitzak izango du bere iritzia artikuluan aipatzen den pasadizoari buruzkoa. Adierazpen askatasunaren eta egokitasunaren arteko marra ere ez baita oso lodia. Eta egokitasunaz izango dugu buru hainbat aburu, segur aski. Niri, eta artikulua aitzakiatzat baino ez dut baliatuko, ikusgarritasunaren izenean, ikusgarri den hura ikusgarriago egiten saiatzeak sortzen duen gogaitze horrek ematen dit atentzioa. Bataren obsesioa izan baitaiteke barregarri bestearentzat. Erabakia eta helburua kolektiboa delarik, espresio modu kolektiboak ez dizkit begiak hartaraino mintzen. Kolore askotariko lazoek, kolore askotariko kamixetek, kolore askotariko ikurrek... toki-uneak aintzat hartuta erabiltzen badira badute zentzurik. Toki-uneak dira gako. Eskubide osoa du edonork realzale, osasunazale, amnistiaren aldeko edo frackingaren kontrakoa izateko. Eta hala dela adierazteko ere bai, jakina. Toki-uneetan hutsegiten badu ordea, barre murritx errukiorra gehiago sortuko du eskatzen duenarekiko atxikimendua baino. Inor tonto-tuntun jotzera ausartzen ez naizenez, egungo gazteek erabiltzen duten motibau izatea baino okerragorik ez dagoela esango nuke. Eta motibaua da, bere nortasuna ezaugarri batzuen gainean eraiki, eta badagokio edo ez badagokio, ezaugarri horien aldarria edonon eta edonoiz egiten duena.

Gaztelerazko esaera batek dio asmo onekoz betea dagoela infernua. Duela hamazortzi bat urte, Euskaldunon Egunkaria-koak hurbildu zitzaizkigun zortzi bertsolarioi, Euskal Herriko Txapelketako finalean Egunkaria-ren txamarra banarekin kantatzea zer iruditzen zitzaigun galdezka. Euskarazko egunkari bakarrarekiko gure atxikimendua ez dut uste zalantzan jartzerik zegoenik. Baina purrustaka erantzun genien. Ideia ez zen parte onekoa. Nork ikusi nahi ditu orduetan eta orduetan zortzi sortzaile uniformatu begien bistan? Zortziok janztera mesede baino kalte handiagoa egingo genuela sinetsita, zortzitik bakarrak —garai hartan Egunkaria-ko langile zenak—janztea erabaki genuen. Eskerrak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.