andoni egana
PLAZATIK

Sosak

2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Sosen astetzat joko nuke joan berri dena. Marxek, Kapitala idatzi zuenak ez, besteak, esana utzi zuen: «Dirua? Tira… Badira gauza garrantzitsuagoak: maitasuna, osasuna… Baina hain dira garestiak!». (Hizkuntza jolas ere hartzen dutenen pozerako idazten ari naizela jabetu naiz kapitala eta kalapita hitzekletra berberak dituztela. Litekeena da kasualitate hutsa izatea).

Eite on eta egite hobeko politikari batekin egin nuen topo Iruñean joan zen ostegunez. Nafarren diru-zorrak gaitzat zituen egun osoko bilera batetik zetorren. Eta grazia handiz kontatu zidan bigarren biloba sortu izanaren ondorioz egin zuen kalkulua. Espainiar gisan hainbesteko zorra zuen umeak; nafar gisan ere handia; iruñear modura ere zor izugarria. Eta familiarena erantsiz gero… zorabiarazteko adinako fardela zekarren munduratu berriak. Hauxe mundua egin digutena. Lehengo haurrek ogia zekarten besapean. Oraingoek egia aurkituko dute aurrez aurre.

Egotzia eta egoitza hitzek ere letra berberak dituzte. Biek dute sosarekin zerikusia, eta hori bai ez dela kasualitate hutsa. Rodrigo Rato egotzi egin dute Partidu Popularretik bere txartel beltzekiko jokabideak ez baitzuen adiskiderik adiskideenentzat ere inongo zuriketa biderik. Partiduaren Bilboko egoitzarena berriz auzibideetan da. Jakingo dugu ze diru motarekin ordaindu zuten. Arantza Quiroga andereak kontuak argi daitezen interesik handiena beraiek dutela adierazi du, Euskal Herrian den-dena eman duten gizon-emakumeen ohorea jokoan dagoelako. «Den-dena» eman dutenek «den-dena t'erdi» jaso izana posible al da matematikoki?

RGIarena ere diru kontua baino ez da. Oinarrizko diru laguntza jasotzen dutenen artean iruzurgile asko dagoela salatu dutenek egiazko zuloak non eta zertan egiten diren ezkutatu baino ez dute nahi. Okerrena da etekin politikoak eman ditzakeela jarrera horrek. Iruzurgile zenbait izango baita, eta animalia inbidiosoak baikara pertsonak, «auzokoari bai eta guri zergatik ez?» planteatzen dugunak beste ezer baino lehen. Min ematen digu geuk astean ia berrogei ordu sartu eta zortziehun euroko soldata izateak eta auzokoak, kolpe zorririk jo gabe, leihatilaz leihatila mugitzen dakielako, beste hainbeste poltsikoratzeak. Ez gara jabetzen auzokoak hori eta gehiago beharko duela duintasunez bizi ahal izateko. Eta gure duintasuna ez duela proportzio dudako horrek urratzen, hainbeste lanen truke hain soldata urria ematen digun nagusiak baizik eta hala egitea ahalbidetzen dion sistema oso batek.

Astearteko BERRIAren lehen orriko goraizeak ere sosen ingurukoak ziren. %14ko jaitsiera, 210.000 euro gutxiago iazko diru laguntzaren aldean, joan den sei urtean langileek batez beste diru sarreratan galdu duten %11,1… Min ematen duten zifrak. Diru laguntzen banaketarako irizpideak aldatu omen dituzte, eta horren ondorio ere badira nonbait Eusko Jaurlaritzak zehaztutako partila berriak. Ongi da. Agintariak erabakiak har ditzaten hautatu eta aukeratzen dituzte. Ondorioz, ulertzekoa da zenbaitekin ongi eta zenbaitekin gaizki geratzea. Neuk, agintari banintz, alor honetan ez nukeen zalantza izpirik ere egingo. Tokian tokikoa ongi dago, baina premiarik larriena, lehenestekoa beraz, dugun egunkari nazionalari arnasa ematea da. Zentralismo demokratikoan hezitako dinosauro baten ikuspegi murritza baino ez da izango akaso.

Gainera dirua, ikusten ez den tokietan nabarmentzen da gehien. Melillako hesia gainditu nahian ari direla bi golflari jokoan eta berera lasai-lasai agertzen duen argazkiak Angeli, Idurreri eta gutako askori eragin digu. Pentsatu nuen argazkiak, erabat perfektua izateko, golf-zelaiko bunker bat falta zuela. Gosearen eta luxuaren arteko kontrasteari hitzez eta itxuraz militarra den zerbait eransteak indar handiagoa eman ziezaiokeela bizi dugun mundu nahasiari. Egun bakarra itxaron behar izan nuen. Melillan falta zitzaidan zulo erraldoia Hernialden azaldu zen AHTko lanen ondorioz. Diru kontuak horiek ere. Hangoak eta hemengoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.