Inigo Astiz
DENA ETA EZTENA

Euskal rapzalearen bertsoak

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Badira espetxe diren jauregiak, mikroak ere baditu amildegiak, baina zabaldu orain begiak, abestuko baititut raparen egiak. Bonbo bat lehenik, eta gero kutxa bat, eta pun eta ka, eta pun, pun, ka, badakar kaleak bere doinua punpaka. Berri ederra, bai, Pullitzerra, aitortu baitute Kendrick Lamar, mihia beti zorrotz, janzkera zabar, mintzairan gerra eta jarioa basa, bere jarduna bada jazza eta klasikoaren pare, nahiz eta herrak ez beti aitortu ondare, sariak baiezatuko du musika honen class-a, dudarik gabe. Underground lehen, orain sasoien ikur, arrakastan ere badira hamaika gezur, ze antza, larrosak beti du arantza hemen, hortaz, mesfida dirdiraz, ze bestela begira Pablo Hasel eta Valtonic, espetxera bidean dira, soilik kantatzeagatik, aske kantatzeagatik sikira. Ez hartu lorik, ze orain heldu da prestigioa, eta heldu da ohorea, baina justizia itsu izatea falta da ordea. Alfonbra gorria eta barrotea, orkestra eta marranta, nik ez dakit zer den rapa, zorigaitza eta zortea, benetako errege ala gorteko arlotea. Arren ez orain eskegi, bonbo eta kaxa, eta bonbo eta segi, mikroa ez dadila sekula ateri, ze batzuetan pozez gara, eta besteetan penetan gehiegi, neska-mutil gazteak kaleetan badabiltzaka erriman igeri, betiere erdaretan, eta euskaraz bakarrik euskarazko klaseetan. Ez da kabitzen lilurarik gure lerroetan, ze gailurretik urrun hemen bada lana, baina banan- bana, agertzen doa sastraka gune zirenetan rapzale euskaldun andana: horra gure klana. Undeground gara, baina zerua dugu plana. Eta pun, eta ka, eta pun, pun, ka, tariman arima dugu estima, eta hori lastima, aurrerantzean rapak soilik alde batera egingo balu errima.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.