urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Ipar Afrikara begira berriz ere

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Nork esan behar zion gerra krimenez eta genozidioaz akusatutako agintariari, Nazioarteko Zigor Auzitegiak atxilotze agindua zeukan presidenteari, AEBen bonbardaketak jasan zituenari, Darfurreko hondamendiaren erantzuleari, herritarren protesta batek kanporatuko zuela boteretik? Urteetan ezinezko orekei eutsita bizi izan da agintean Omar al-Baxir, islamismoarekin aliantzak eginda, Hego Sudango independentzia aitortuta eta modu pragmatikoan Txinara eta Errusiara hurbiltzen jakinda. Gutxi usteko zuen hamarkadatan horren estu hartu duen herrialdean manifestariek horrenbeste astez iraungo zutela kalean, inork ere protesta zapaldu gabe. Baina presidentearen aldekoak manifestazioen aurka irten eta armadak geldiarazi zituenean, erraz irudikatu zitekeen nazioarteko orekak ezin izan ziola etxeko orekari eutsi. Ordutik aurrerakoa ezaguna da, neurri baten: al-Baxir kargugabetuta, armada Sudan agertoki demokratikora gidatuko duela esaten, eta herritarren ekina militarrek boterea ahalik eta bizkorrena eman diezaieten.

Nilo ertzetik Mediterraneora joanda, ez da ezinbestekoa antzekotasunak bilatzea Khartum eta Aljerren artean; bestela ere aski ezberdinak dira herrialdeak. Baina denborak bat egiten du Ipar Afrikako herrialdeetan. Aljerian nork esan halaber azken urteak medikuen zaintzapean, baina luxuzko erretiroan igaro behar zituen Abdelaziz Buteflikari, ziur aski bere kabuz ere agintetik kanpo egongo zen presidenteari, horrela galdu behar zuela boterea? Bost urte inguru dira haren irudirik ere ez dugula izan, eta berriz presidentetzara aurkeztu behar zuela esateak protestak piztu eta kaleak bete ditu.

Aljerian Sudanen baino are argiago ikus liteke protesten jomugan ez dagoela presidentea soilik. Aljeriar asko aspaldi ari ziren esaten taularen atzean negozioak egiten dituen talde baten esku dagoela herrialdeko boterea. «Mafia bat» diost behin eta berriz kabiliar adiskide batek. Gerra zibilean nagusitu zen armadak islamisten keinuekin eutsi gura izan dio Mediterraneo ertzean ere botereari, eta oreka horretan Buteflika bera jausten uztea izan da azken neurria.

Baina ez sudandarrak ez aljeriarrak ez daude prest, honaino iritsita, euren buruak ahalduntzeko egindako guztia militarrek botereari eusteko izan dadin. Eta presenteegi dago duela zazpi urte Ipar Afrikan sortu eta Ekialde Hurbileraino joandako Udaberri Arabiarra. Itxaropenez piztu ziren iraultzak, hogeitaka urte lehenago Europa ekialdean gertatutakoarekin alderatu zuten hasiera hartan, baina laster ez atzera ez aurrera gelditu ziren arabiar iraultza deitu zitzaien fenomeno haiek: Sirian jo du hondoa, odolustuta, baina lehen ere estandar bikoitzen adibide izan da, Bahraingo komunitate xiita jendetsu baina baztertua horren adibide -edo Egiptoko kontrairaultza, edo Saudi Arabiarekiko harremanak, adibideak dozenaka topa litezke—.

Aljeriako ikurrekin batera amazig banderak ikusi ditugu Aljerreko protestetan. Kabiliarrek, mozabitek eta beste herri berbereek urteetan egindako bidearen ondorio da. 2001eko udaberri odoltsuaren ondorio, besteak beste. Zapaldu ezin eta bere egin dute amazigen bandera orokorra. Kabiliarako duela hiruzpalau urte sortutako ikurra berriz, ezin inon ikusi: egitasmo independentista zehatz baten sinbolo da. Hegoalderago, Aljeria erdialdeko basamortuan bizi diren M'zab haranean ere, errepresioa: duela hil batzuk Gardaiako etxean abegikor hartu gintuen eta eskualdearen kolonizazioa salatu zigun Kameleddine Fekhar buruzagi mozabita atxilotuta dago duela aste bitik. Iazko udan argitaratu genuen Fekharrekin elkarrizketa BERRIAn argi zioskun: «Aljeriaren itxaropen bakarra estatu laiko eta deszentralizatua da».

Presidentea jausten uztea gauza bat da, militarrek ukabila erabat irekitzea, oso bestelakoa. Hamarkada hasierako oldarraldia berriz piztu da hamarkada amaieran Afrika iparraldean. Urteotan, eskualde osoan herritarrak baretzeko neurriak eta laguntzak apalduz joan dira, egunerokotasuneko produktuak lortzea ere erronka bihurtzeraino. Ez dute balio errezeta zaharrek eta iraganeko lilurek, arabiar deituriko herrialdeek munduko gazte langabetuen kopuru handiena daukate. Sakrifizio handia eskatu zaie, baina trukean ez da ukabila zabaldu edo askatasun gehiago eskaini, egunotan adituek gogorarazi dutenez. Eta telefono mugikorren sasoian, etsipenak hartutako gazte manifestariak kalean protestan ibiltzea edozein gobernariren amesgaizto bihurtu da. Mugak itxi eta eskuin muturraren diskurtsoa bereganatzen ari den Europan ere, gotortze-politikez eta geopolitikaz harago, Mediterraneoaren beste aldearen aldeko egiazko apustuaren ordua izan beharko luke. Garapen ekonomikoa bultzatzeko, eta prozesu demokratiko laiko eta zibilak sustatzeko, Europaren beraren interes egoistengatik soilik balitz ere. Libiako hondamendian daukan jarrerak oso bestelako jarrera agerian uzten badu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.