urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Munstroa, antipodetatik etxera

2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Emakumea da, eta ez du Justin Trudeauren glamourrik lortu. Baina Jacinda Ardernek liluratuta ginduzkan. Gizonezko askok izango zituzten haurrak karguan zeuden bitartean, baina bizitza pribatuari ei zegokion hori. Zeelanda Berriko lehen ministroak pribatua ere politikoa dela nabarmendu du. Hiru hileko haurtxoarekin New Yorken NBEren bilera nagusian. Alaba txikiak maorieraz egingo duela azpimarratu du («gure belaunaldia izango da maorieraz ez dakien azkena»). Duela gutxi belarriprest izateko gonbidapena egin du bideo baten Ardern andereak: «Edonork, edonon, edonola eta egunero, egin maorieraz».

Halako batean, munstroak jo du Aotearoa ederra. Musulmanak ehuneko bat baino ez dira oraindik ere. Baina berdin du familia bakar bat balitz ere; sinetsi gura duzuna sinestea berretsiko dizuten ehunka webgune dituzun sasoiotan bizi gara, errealitateak bestelakoa dela esan arren: zer eguraldi egiten duen jakiteko sakelakoa hartzera ohitu gara, kalera irten edo leihotik begiratu beharrean.

«Zeelanda Berria aukeratu dute euren etxe izateko. Euren etxea da. Eurak gu dira. Gure aurkako indarkeria egin duen pertsona ez da gutarikoa», esan du Ardernek. Marra non jarri. John Ralston Saul filosofoak Kanadako nazionalizazio zeremoniez esan zidan: «Zure kultura, zure dohainak eta trebetasunak dakartzazu gurera. Eta Kanadako ondarea ere zurea da orain; gure balioak eta gure miseriak, denak elkarrekin doaz. Herri indigenen aurkako historiaren erantzukizuna, esaterako». Kanadar berriarentzat garrantzitsua den une bat gurasokeriarik gabe lantzen dute.

Supremazismo zuriak islama hartzen du etsai nagusi, baina ez bakar. Charlestonen afro-amerikarren eliza kristauari egin zioten eraso 2015ean, eta Pittsburgh-eko sinagogan egin zuten sarraskia iazko urrian. Aldatzen dena eraso horren erreakzioa da, juduen aurka jihadistek jo edo faxista zuriek egin. Radovan Karadzic genozida serbiarraren aldeko kantekin emititu zuen sarraskia hiltzaile faxistak. Josue Estabanez euskal herritar militar neonaziaren izena ere bazeraman idatzita, azken urteotako beste zenbait hiltzaile faxistarenekin batera, eta armada kristauek musulmanak garaitu zituztenekoekin batera, otomandarren aurka zein Al-Andalusen.

Ia beti bezala, Christchurch-eko hiltzailea gizon gaztea da. Sare sozialetan hauspotutako obsesioan bizi den pertsona bat, etsaia deshumanizatzeaz gain ustez defendatzen duen balioa ere mitifikatu duena, sekula ezagutu ez duen bizimodu tradizional musulman edo kristau katoliko edo ortodoxoa. Gezurrek elikatzea faxismoaren gorakadaren arrazoi nagusietako bat izan da historikoki, nahiz eta historiarekin soilik ezin azal daitekeen alienazio indibidualak horrenbesteko garrantzia duen fenomeno kolektiboa. Sozialdemokraziak eta politika tradizionalak sinesgarritasun arazo larria dutela ez dago zalantzarik, baina ezin ahaztu Trumpen mezua parez pare izanik ezkerraren zati batek dena berdin balitz bezala arriskua erlatibizatzera jo zuela antifaxismoaren tradizioa ahaztuta.

Ordezkapen handia da hiltzaileak idatzitako dokumentuaren izenburua. Frantziatik mundura zabaldu den teoria arrazista (eta antifeminista, detaile garrantzitsua) era arriskutsuan ari da errotzen. Berriki Zuzeu-n idatzi nuen artikulu batek 119 erantzun izan ditu. Anonimoak gehienak, xenofoboak ia guztiak, euskaraz denak. «Munstroa sortu duzue eta orain atzera bueltarik ez! Jarraitu aniztasuna elikatzen!». «Hau eskandalu ikaragarria da. Politikari ustez abertzaleak beren herriaren kalte, (...) Astakeria hau geratu behar da, jadanik geure lurrean gutxiengoan baikara». «Masa-immigrazioa probokatutako fenomenoa da eta kaltea besterik ez digu ekarriko (...). Euskaldunok lehenengo, euskara lehenengo!». «Palentziatik etorri ziren orain dela 50 urte. Inork ez du euskaraz hitz bakar bat ikasi. Ahal banu deportatu egingo nituzke». «Minorizazio egoeran lehen gauza immigrazioa arazo bat da, lehen gauza hura ez sustatzea (...) eta ume gehiago egitea». «Immigrazio basati honen aurrean klaudikatu edo ostrukarena egin, edo globalistek inposaturiko kolonizazioa eta mestizajea euskaldunon arteko ugalketa eta auto-segregazioarekin erantzun». «Ezin badugu ezer egin (ez bada boto ematea VOX alderdiari edo haren baliokide euskaldunei)». «Etorkin guziak euskalduntzea lortzen baginu ere, kopuru haundian sartzen eta egoiten balire, Euskal Herria ez liteke gehiago Euskal herria izan». «Hemen arrazista bakarra zu zara, arrazista anti-zuria». «Arbasoen sen ona mantendu bagenu, ez ginateke kanpotarrekin mestizatuko, ez kultura arrotz eta modernoetara horrenbeste irekiko, ez gizon eta emakumeen arteko liskarretan murgilduko, gure artean ezkondu eta seme-alabak izango genituzke». «Honengatik daude betiko komunikabideak egoera tamalgarrian, inork ez dizue ezer sinisten. Ametsetako mundu bikain bat saldu nahi diguzue, baina kalera irtetean errealitatea ikusten dugu. Ezkerra, gaur zuek zarete stablishment».

Trollei bazkarik ez, badakit. Baina arriskuaz ere jabetu gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.