Futboleko Munduko Kopa. IRITZIA

Aldeak gutxitu dira

GarbiƱe Etxeberria
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Realeko kirol zuzendaria

Gaur amaituko da Munduko Kopa. Oso gustura ikusi dut txapelketa. Kalitate handiko partidak jokatu dituzte, lehiatuak eta parekatuak, eta nabarmenduko nuke Europako futbolak aurrerapauso bat eman duela. Hala, selekzioen arteko aldea gutxitu egin da. Hori ona da ikuskizunari begira. Asebete egin nau lehiaketanikusi dudanak: jokoa, atezainen maila, harmailetan izan den giroa... Selekzioen artean, berriz, Ingalaterra izan da gehien gustatu zaidana, eta ezustea Italia iruditu zait. Aldiz, Alemania uste nuen baino apalago ibili da. Jokalarien artean, Ingalaterrako Jill Scott eta Ellen White eta Frantziako Amandine Henry nabarmenduko nituzke.

Gaurko finala polita izango dela uste dut. AEBak dira faborito, are gehiago finalerdian Herbehereek luzapena jokatu zutela kontuan hartuta. Atseden hartzeko egun bat gutxiago izan dute, eta fisikoki estu irits daitezke finalera.

AEBek ohiko estiloari eutsiz lortu dute finalera iristea. Talde oldarkorra da, eta partiden erritmoa kontrolatzeko gaitasun handia du. Jokalariek izugarrizko gaitasuna dute lehiatzeko, eta ez dira urduri jartzen. Oso ondo erantzuten dute norgehiagoketako une erabakigarrietan. Ingalaterraren aurka ikusi zen hori.

Egia da, dena den, partida bakarrera edozer gerta daitekeela. Gainera, AEBei partida batzuetan ohi baino apur bat estuago ikusi zaie. Haien erreferentziazko jokalariak adinean aurrera doaz, eta fisikoki ere jada ez dira hain nagusi. Beste selekzioak ere lan handia egiten ari dira arlo horretan. Ingalaterrak ia-ia kanpoan utzi zituen AEBak, baina penaltia huts egitea gehiegizko abantaila da halako selekzio handi baten aurrean. Haiek ez dute barkatzen, eta estu ibili direnean Alex Morgan, Megan Rapinoe, Julie Ertz edo Lindsey Horan bezalako jokalariak azaldu dira.

Herbehereek, irabazteko aukera izateko ohiko joko erasokor eta zuzena egin beharko dute. Txapelketan kosta egin zaie hori lortzea, baina hala ere finalean dira. Talde jokoari esker baino gehiago, zelai erditik aurrera dituen jokalarien kalitateari esker lortu dute bertan egotea. Meritu handia du. Zelai erdian, Jackie Groenenek eta Sherida Spitsek maila handia dute baloia oinetan dutela, eta geldikako jokaldietan. Aurrealdean, izugarria da Vivianne Niedemak daraman marka, hain gaztea izanda. Atzean, berriz, harritu egin nau Stefanie Van der Gragtek eman duen maila. Bartzelonan apenas jokatu duen, baina oso txapelketa ona egin du. Betiseko Merel Van Dongen ere oso zorrotz aritu da.

Funtsezkoa izango da finaleko lehen minutuetan oso adi egotea, lehen ordu laurdenean beti sartu baitute txapelketan gola AEBek. Lasai jokatu behar dute, pazientziaz. Ingalaterra biziegi eta batzuetan patxadarik gabe aritu zen, eta ordaindu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.