urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Eskozia erreferendumera begira

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Brexit-aren korapiloaaskatu ezin, eta sokan hiru hilez atzeratu dute Erresuma Batuaren irteera, berriz ere. Baina urtarrilera arteko atzerapenak baino garrantzi handiagoa daukate datorren hilerako adostu dituzten hauteskundeek. Giro gaiztotuak herrialdearen polarizazioa ekarri du, baina Westminsterreko parlamentua, gero, ez zen alderdien buruzagitzak adierazten zuten horren ispilu. Ez eskuinetik begiratuta, behinik behin, alderdian gutxiengoan diren baina parlamentuan gehiengoa galarazi dieten diputatu kontserbadore europazaleei erreparatuta.

Brexit Alderdiaren ia kopia bihurtu badira toryak, diputatu izateko hautagaiek ere profil hori beharko lukete. Halaxe proposatu die asteon Donald Trumpek, ohi bezala inolako lotsarik gabe beste herrialde bateko barne aferetan sartzeko: batera joan daitezela Nigel Farage ultra eta Boris Johnson. Nazionalismo ingeles atzerakoiena astinduta irabaztea, alegia.

Hauteskunde panorama horren erdian etorri zen atzo Glasgown antolatu zuten martxa independentista. Haren aurretik idazten ari bagara ere, egiaren ordua hurbiltzen ari dela esan liteke, Eskoziak bigarren independentzia erreferendum bati ekin diezaion. Bost urte baino ez dira auzia «belaunaldi baterako» finkatu behar zuen galdeketatik, baina belaunaldi oso bat igaro dela dirudi 2014 hartatik: besteak beste, orain inoiz baino argiago dagoelako elkarrekin doazela independentzia eta Europa ala Erresuma Batua eta brexit-a binomioak. Europan egoteko independentzia behar dutela, alegia, eta independentziak Europan geratzea dakarrela, halaber —eta alderantziz, ekuazioan Londresekiko menpekotasuna eta brexit-a sartzen baditugu—.

Erreferendumak bide argia dauka Eskozian, SNP alderdi independentistak gobernua eta Holyroodeko parlamentuko gehiengoa dituelako (legebiltzarrak berak bozkatu zuen prozesuari ekitea). Besterik da, ordea, estatuarekin negoziatzeko orduan. Aurreko erreferenduma adosteko orduan printzipio demokratikoa nagusitu zen, eta David Cameron lehen ministroak behin baino gehiagotan hitz egin zuen autodeterminazio eskubidearen alde. Ez zuen Eskozia bereizterik nahi, noski, baina ulertzen zuen hori proposatzen zuen alderdiak gehiengo handiz irabazi zituela hauteskundeak eta, beraz, herritarrek babestutako proposamen horri bide eman behar ziola Londresek ere.

Sezesiorako ikerketa akademiko gehienek nabarmentzen dute zergatik eutsi ohi zaien mugei bere hartan Mendebaldeko demokrazia liberaletan: estatuak malgutasunez kudeatzen jakin ohi duelako bere mugen barruan egon daitezkeen proposamen independentistak. Negoziatzeko gaitasuna izaten du, egoerara egokitzekoa, autonomia gehiago emateko (edo eskaintzeko, gero beteko ez dituen eskaintzak egiteko, adibidez; estatu batek mugimendu autonomista batek baino tresna gehiago ditu lurralde bat bere baitan gerarazteko, demokraziaren oinarriak urratu gabe). Estatu autoritarioek egurra izan ohi dute erantzun bakar horrelako eskariei aurre egiteko. Eta aldi batez funtzionatzen du, noski, baina, estatua ahul sumatu bezain laster, zirrikituren bat baldin badago, indarrez atxiki duten lurralde horrek bereizteko bidea hartzen du, galdu ezin duen aukera duen jakitun. Estatu demokratiko eta malguetan, atea beti dute irekia haien barneko nazioek, baina horrek berak lortzen du sezesiorik ez gertatzea. Faroetarrek, quebectarrek, eskoziarrek, badakite boto kutxa bat baino ez dagoela egungo egoeraren eta independentziaren artean. Baten batek esango du Mendebaldean ere denak ez direla kultura protestante anglosaxoiko liberalismo horretatik elikatzen, baina, aldez edo moldez, Italiak edo Frantziak badakizkite unean uneko eskaerei erantzuten, asimetriaz: Kaledonia Berrian bai eta Polinesian ez, Korsikan bai baina Euskal Herrian ez, Bretainia zatituari eutsi eta Alsazia batua Ekialde Handian urtu. Edo Hego Tirol aberatsaren autonomia eta Sardiniarekiko mespretxua.

Eskoziara itzulita, kontraesana gerta liteke aurki, hauteskundeak pasatu eta gero Edinburgok Londresi erreferenduma adosteko eskatzen dionean: laboristek eskoziarren babesa behar izatera, erraz irudika daitekeen formula da «gobernua erreferendum truke». Kontserbadoreak nagusituz gero, konplikatu egiten da erreferenduma adosteko aukera hori (eta ez, egungo jarrera aldatu eta gehiengoa ematearen alde erreferenduma proposatuko baliete ere, SNPk sekula ez luke gobernu tory bat babestuko). Paradoxikoki, baina, erreferenduma ukatzen dion eta eskuinerantz oso lerratuta dagoen tory gobernu batek independentismoa hauspotuko luke, agian, desobedientzia zibilera bultzatzeraino. Eta politika sozialetan sakondu nahi duen eta erreferenduma adosteko prest dagoen laborista bat balego Downing Streeteko 10. zenbakian, galdeketa egin egingo lukete, baina garaipena askoz zailagoa litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.