Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Zorionak

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Filtrazioa goraipatu. Sonia Hernandok zuzentzen duen Ganbara saioa bizkor mugitu zen ostegunean, sanferminetako erasotzaile taldea aske geratzekoa zela jakin bezain pronto. Harridura, asaldura... era arrazionalean transmititu nahian, informazioa eta iritzia finki tartekatu zizkiguten. Estibalitz Mendiak kronologia egin eta epaian azaldutako arrazoiak laburtzeaz gain, hainbat erreakzio jaso zituzten: abokatu bat, mugimendu feministako bozeramaileak, berriaren filtrazioa egin duen El Confidencial-eko ordezkaria, biktima bat... Kazetaritza lan horrek bai merezi duela eskertza jasotzea. Ez horrenbeste filtrazioaren berri emailea, Hernandok zoriondu eta guzti egin baitzuen. Zergatik ote? Ez baitu ikerketa kazetaritza praktikatu, goiz ala berandu jakingo genuen berria aurreratu besterik ez. Zoriontzekotan, justiziak forma aldetik ere oker funtzionatzen duela bistaratzeagatik behar luke izan.

Bi aje, batean. Tertuliakideek maiz agerian uzten dituzten ajeetatik bi erakutsi zizkigun Luis R. Aizpeoleak asteazkeneko Ganbara-n. Lehenengoa, hizpide jarritako gaiaz tutik ez jakin arren, hori ez aitortzea umil-umil, eta gainera, martingala erabiltzea: solaskideei iritzi ematen utzi eta ondoren «dena esana geratu da» sententziatzea —gau horretan ekarpen intelektual kaskarragoa egin arren, betiko diru-ordaina jasoko zuen gizonak...—. Bigarrena, kazetarien ukiezintasuna aldarrikatzea kazetarien tertulietan; hots, honako eta harako politikoa, epailea, gizarte eragilea... izan liteke kritikagarri, baina argi! Kazetaritza ukituz gero, hobe izen-abizenik ez aipatu eta modu generikoan mintza. Etika jokaeratik edo fair play-tik baino gehiago dauka horrek korporatibismotik eta koldarkeriatik.

Pluraltasuna, norentzat?RTVEk Donostian dituen langile batzuk beltzez jantzita ikusi genituen atzo Ostiral beltza izeneko kanpaina ikusgarriari eutsiz, Agenda saileko orrialde honetantxe. Inpartzialtasuna eta pluraltasuna aldarrikatzen dituzte. Madrilen agintean sozialistak egon edo PPkoak egon, historikoki, EAEn, RN1ko albistegiek España-una-y-libre-ren logika mentalarekin funtzionatu dute, Madrilek izendatutako gobernu ordezkariaren antzera kasik. Hortaz, kosta egiten da sinestea langile horiek RN1n euskal gizartearen pluraltasuna islatuko duten, euskara normal erabiliko duten... irratirik eskatzen ari direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.