Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Erronkak

2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Zer egingo ote du? Aizkora zorroztuta ekarri zuen, beste askotan bezala, Iñaki Segurolak hamabostean behingo bere saiorako herenegun (Arratsean, 20:30), euskara batuaren eta tokiko hizkeren inguruko sesioari erregaiak erantsiz, eta, bide batez, lepoa moztuz bere gremio bereko biri (entzungai da sarean, merezi du). Azpeitiar erara irakurri zuen Dorian Grayren egiazko erretratua nobelaren pasarte bat, eta hizkera horren aldeko defentsa egin. Erantsi zuen Euskadi Irratian euskara batuan egiten duela, eta ez bere benetako hizkuntzan, hori leku serio, instituzionala eta formala delako.

Arantxa Iturbek erantzun zion irratian ez dagoela legerik inor derrigortzeko euskara batuaz mintzatzera, eta ea zergatik ez duen egiten bere hizkuntzan. Erronka polita Segurolarentzat, hortaz; ea zein hizkerarekin datorkigun bi aste barru.

Angeles Barcelo. Aferak ezer baino lehen agerian utzi digu ñoñostiarrismoa existitzen dela, eta bere aurpegirik lotsagalduena eta ez-duinena adierazi dela egunotan. Baina irratigintzari lotuta, aztertzekoak dira egotzi zaizkion merituak. Profesional ona omen da; bada, ados horretan. Nolanahi ere ezin ahantzi, maiz, kostatzen zaiola astintzea Espainiako hedabide handien ukitu sektarioa: konparazio batera, berak gidatutako tertulia politikoek Kataluniari ordu mordoa eskaini arren, han ez dugu topatuko burujabetza defendatzen duen ahotsik, eta antzekoa esan daiteke maiz astelehenetako politikoen tertulian. Hora 25 Donostiatik bizpahiru alditan airatu duela azpimarratu zaigu batez ere. Baina horietan kazetaritza era duin batean praktikatu zuen, ez besterik; gertatzen da lurraren pare jarri digutela profesionaltasunaren listoia Espainia aldean; halakoetan, itsuaren erreinuan begi bakarra nagusi. Bestalde, ez da berria irrati-magazinak ez-dakit-nondik egitea eta diru ordaina jasotzea; Luis del Olmok asmatu zuen formula merkantilista hori, beti prest predikatzeko tokian tokiko jendea dela munduan den zintzoena eta langileena, eta tokiko produktuak ezin gozoagoak. Barcelo biktima izan da berak probokatu ez duen egoera trauskil honetan, baina huts bat leporatu beharko zaio: Donostiako lagunei sinistu izana urrezko danborra eskuratzeko aski dela bizpahirutan irratsaioa tokitik bertatik emititzea, tokian bertan ideologikoki gertuko adiskideak edukitzea eta Bretxan kokotxak erostea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.