Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Kosmopaletismoa

2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Super Bowl. Astelehen goizean, 08:00etan, euskal irrati publikoko albistegirik entzunena sintonizatu, eta albisterik azpimarragarrienak izenburuetara eramaten dituzten une horretantxe, espero duzunean asteburuko kirolen emaitzen letania azkarra entzutea, soilik bi bereiztera mugatzen dira: lehena, Athleticek Gironan edukitako porrota, eta bigarrena, «Super Bowl-ean Filadelfiak Patriotsi 41-33 irabazi» izana. Zutabe honen sinatzaileak, ulertu zuen lehen izenburua; bigarrenak, ordea, aho bete hortz utzi zuen, ziurrenik entzule gehien-gehienen antzera. Are gehiago, astelehenaz geroztik shock emozionala gainditu ezinik jarraitzen duela aitortzen du. Ez daki zerekin geratu, nola definitu goizean bizi izan duena: kosmopaletismoaren, kolonialismo yankiaren eta auskalo zer motatako konplexuen adierazpen txikia izan ote zen, ala, mezu subliminalen bat izan ote zen, euskal herritarrok geure kirolariek egiten dutenari gutxiago erreparatu eta behingoz munduari begira jar gaitezen gomendatuz. Mundua AEBetan baitago.

Digitalismo konpultsiboa. Amarauna magazinean noizean behin kuku egiten dute Gorka Rubio eta Jagoba Manterola argazkilariek. Tentuz entzutea merezi dute, eta gogoetak jaurti zizkiguten atzo, Garikoitz Udabek gidatuta. Espazio publikoan lan egiteak eskaintzen dien eskarmentutik, nagusitasun profesional edo intelektualik gabe. Gaur-gaurko eztabaida planteatu zuten, inauterietan murgilduta gabiltzalarik. Nola jokatu kale ekitaldi jendetsuetan irudiak lortzeko daukagun joera konpultsiboaren aurrean, jaiaren esentzia bera distortsiona ez dezagun. Denok sentitzen baikara argazkilari edo bideo grabatzaile; begi aurrean gertatzen den mugimendu oro nahi dugu jaso eta betikotu, eta han izan ginenaren froga eduki, nahiz eta jakin sekula ez diogula erabilpen praktikorik egingo material horri. Izan amateur izan profesional, denok baitugu eskubidea irudiak jasotzeko. Ituren eta Zubietan «errespetatu gure iñautik» esanez sakelakoen eta kameren aurka eskegitako pankarta ere izan zuten hizpide, eta aizue, pankarta jartzaileekin enpatiazko hitzak izan zituzten bi argazkilari profesionalek. Zergatik ez pentsatu Diogenesen sindromeak jotako digitalismoaren masifikazioari esan nahi izan ziola stop pankartak, bertakoei bertako jaiak modu askean gozatzea galarazten dien neurrian?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.