Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Agenda zaharkituak

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Betikoei hitza ematen. ETAk biktimak sailkatzeaz mintzatu dira egunotan. Paradoxikoki, aspektu hori beren albistegi eta tertulietara eraman dutenak izan dira biktimak kategorizatzen nabarmendu zaizkigunak. Beste behin, betiko biktimen erreakzioak jaso dituzte, aurrez deliberatuta, edo automatizatuta, daukatelako biktima horiei eman behar zaiela aukera, eta ez beste askori, publikoki iritzia eman dezaten. Nonbait, hautatu horiek dira aparteko abilitatea daukatenak, unero eta edozein gertakizunen aurrean, interpretatzeko ETAk eragindako makina bat biktimek eta euren senideek zer pentsatzen duten. Testuinguru historiko berriek ez ote dute eskatzen aireberritzea funtzionatzeko eskema zaharkituak eta kontaktuen agendak? Milaka pertsonez osatutako giza espektro zabalean arakatzeko ahalegina eginez gero, ez ote zaizkie aterako artean aditu gabeko ahotsak, publikoki iritzi erakargarriak transmititzeko gogoz?

Evole, taxian. Ezin une aproposagoan heldu zen Roberto Mosok Jordi Evolerekin atzo eduki zuen elkarrizketa luzea Mas que palabras-en, kontuan hartuta gaur gauean Santi Brouarden hilketa izango duela hizpide Salvados saioan, LaSextan. COPEko jarraitzaile den taxilaria lekuko zuzena izan zuten, eta hark normalki entzungo ez dituen iritziak irentsi arazi zizkioten. Boterearen presioak komunikabideei, adierazpen askatasuna, pertsonaje publikoei buruzko iritzi pertsonalak… Guztiaz mintzatzen ari zirela, Evoleri egozentrismo puntua irten zitzaion barrutik, bere hotsa proklamatuz ahots bakana Kataluniako auziaz Espainian nagusi den diskurtso uniformetik kanpo. Mosori bizkortasun pittin bat falta izan zitzaion galdetzeko ea nola ikusten duen LaSextako lankideak (Iñaki Lopez, Antonio G. Ferreras, Ana Pastor…) espainolismoaren kausara lerrokatzea.



Evole, gaztelaniaz. Katalanezko abesti bat jarri ziguten solasaldiaren atarian; ondoren zetorren gonbidatuarekin identifikatzeko, keinu moduan ulertu beharko genuke. Enfin, katalana da Evole, bai, baino kazetaritza gaztelaniaz praktikatzen du, gaztelania hizkuntza hegemonikoa duen Espainiako estatuko audientzia da bere kontsumitzaile nagusia, eta gizona ez da baliatzen telebistan daukan pribilegiozko audientziaz gaztelania ez diren estatuko beste hizkuntzen aldeko interesa eta enpatia zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.