Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Irmoak, modulatzen

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Inboluzionisten eboluzioa. Cristina Cifuentesen aferak hainbat errealitate jarri dizkigu bistan. Aurrenekoa, noski, PPri mafiaren kiratsa dariola eta kapituluka doala familia etsaituen arteko larrutzea. Eta bigarrenik, eskuineko kazetari mediatiko ugari, beti modu kategorikoan mintzatzen diren horiek, nola geratu diren erretratatuta. Atmosferan disolbatzen dira irratietatik airatzen diren hotsak, guztia da efimeroa, baina podcasta izeneko asmakizunak eskuineko ahotsen eboluziora hurbil gaitzake.COPEko Angel Exposito, Juan Pablo Colmenarejo, Carlos Herrera eta Cristina Lopez Schlichtingentzat Cifuentes politikari eredugarria izan da beti, eta halaxe saldu izan digute urtetan entzuleei… Masterren kontua martxoaren 21ean argitaratu zen arte. Hurrengo egunetan, saiatu ziren ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen, edota sinetsiz politikariaren bertsioa. Asteak aurrera joan ahala, alabaina, onartu behar izan dute gezurretan ibili dela; Katalunia, Podemos, Altsasu, Venezuela, Nikaragua… ez dira aski izan horientzat estaltzeko eskandalua. Ia beti bezala, Jimenez Losantos azaldu zaigu koherenteena, Es.Radion.

Aldebakarrekoak. SER kateak kapitulu propioa eskatuko du noizbait aztertzen bada biolentzia politikoaren aurrean hedabideek nola jokatu izan duten. Bi lan-sail zaindu dituzte betidanik irratian, luzaroan mantenduz beren arduradunak: epaitegiak (Javier Alvarez) eta Barne Ministerioa (Ana Terradillos). Salbuespen bakanak kenduta, denak dira ETA, edo ingurukoak leloa izan dute dogma, euskal herritarrak Espainiako epaitegiekin, barne ministerioarekin edo poliziekin edukitako harremanak aztertzeko orduan, nahiz kazetaritza zorrotz eta dokumentatuaz jantzita agertu beti. Alvarezen dizipulu den Miguel Angel Campos azaltzen zaigu maisu jokaera horretan, SER katean ez ezik, baita telebistan ere (La Sexta). Carles Francinok La Ventana saiora gonbidatu zuen herenegun, estatuko entzuleei laburbildu ziezaien zertan den Altsasuko kasuaren epaia. Bada, Camposek ontzat eman zituen fiskalak eta barne ministerioak emandako argudio guztiak. Aldiz, ahaztu egin zituen epaituen defentsarenak; bakarra hartu zuen gogoan, azken egunetan guardia zibil bat agertzen duen bideoa hain zuzen; berebiziko eginahalak egin zituen froga hura gutxiesteko. Ezin partzialagoa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.