Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Probintzianismoa

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Orgia. Athleticen aurkako orgia kolektiboa bizitu genuen joan den astelehenean Juanjo Lusak gidatzen duen Realaren inguruko tertuliarekin, Onda Vascan. Solaskideak latz, eta moderatzailea, giroa moderatu beharrean, gasolina jaurtiz suari. Terapia emozionalaren ikuspuntutik eduki dezake bere logika denboraldi osoa sufritzen igaro, eta halako batean bozkarioa sentitzea aurkari historikoa jipoitzeagatik. Baina solaskide izatea onartzen duen batek bereizi beharko luke noiz ari den tabernako barran, eta noiz ez. Onda Vascak asko dauka hobetzeko podcastak zintzilikatzearen arloan. Lastima. Bizkaiko entzule ez garenok ez baitakigu Jose Manuel Monjek zer-nolako estiloa darabilen Athletici buruzko tertulian Reala hizpide dutenean. Eta ez dakigu Onda Vascak bedeinkatzen ote dituen bi herrialdeen arteko xextra kutre eta probintzianoa xaxatzen duten esaleak.

Jose Maria Iñigo. Komunikazioaren munduan aurreratu bat izan zela aditu genuen atzo, haren heriotza jakin ostean. Irratigintzan, bere ekarpenen artean, Ingalaterratik Madrilera 40 principales irrati-formula eramatea izan zen. Gertuago etorrita, telebista zein irratirako fitxatu zuen EITBk —euskal kultura zabaltzearen agindua jasoa zuenak—. Radio Euskadin A solas elkarrizketa sakonen tartea egin zuen, Espainian kultura gaztelaniaz ekoizten zuten pertsonaien pasarela bilakatuz. Hilurren zela, gaizki ikusi zuen Eurovisionen ingelesez ez kantatzea; nork bere hizkuntzan eginez gero, «abesbatzen eta dantzen garaira egingo genuke atzera». EITBn aritu zenean, ziurrenik, berak egiten zuena moderno eta mundutartzat edukiko zuen; ETB1eko eta EIko lankideek egiten zutena, ostera, kaxeroen kontu lokalistatzat.

Biktimen aniztasuna. ETAren biktimak izan dira hizpide egunotan, sekula baino gehiago. Eta hedabideek mikrofonoa eskaini diete mintzatzeko, sekula baino gehiago. Horrela, ohartarazi gaituzte badirela ahots, bertsio eta sentiberatasun gehiago biktimen munduan, Maixabel Lasa, Maite Pagazaurtundua eta Gorka Landaburu izen-abizenekoak ez direnak. Egia bada aro soziopolitiko berrian iraganari kritikoki begiratu behar diogula, izan dadila biktimen aniztasuna plazaratzearen mesederako. Aintzat hartu gabe biktima hori gure harikoa den ala ez, titulu deigarri zale den ala ez, eta zein izan zuen biktimarioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.