Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Euskal Herria, kristaletik

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Kristalezko sabaia. Irrati entzule gisa pertzepzio pertsonaletik abiatuta, egingo nuke apustu euskarazko irratiak (publikoak, pribatuak, libreak…) inguruko beste hizkuntzetako irratiak baino feminizatuagoak daudela, eta are gehiago, kristalezko sabaiaren logikak gutxiago funtzionatzen duela horietan. Euskal irratietan emakumeen parte hartzea eta protagonismoa aztertuko duen ikerketaren bat azalduko zaigu noizbait, eta orduan baieztatu ala ezeztatuko da zientifikoki oraingoz sentsazioa den hori.

Bakarra kendu. «¡Yo quiero ser, directora de la Ser!» oihukatu zuten emakumeek Madrilgo manifestazioan, Ser katearen egoitzaren parean. Espainiako irrati jeneralisten historian, nekez topatuko dugu zuzendari emakumerik. Nik dakidala, bakarra, Eva Cebrian, orain astebete kargugabetu zuten. Bi urte egin ditu Prisaren menpeko irrati kateen (Los40, M80 Radio, Radiole, Maxima FM eta Cadena Dial) zuzendari gisa. Jakina da negozioa komunikazioaren gainetik dagoela Prisa enporioan, eta bere barrunbeetan aditua behar da izan zehazteko zer gertatu den hor. Kargugabetzea audientzia datu kaskarrek eragin dutela dio bertsio batek; bigarren batek, ordea, ez du uste kasualitatea denik Juan Luis Cebrian zuzendaritza exekutibotik kanpo geratzearekin batera gertatzea bere alabaren defenestrazioa.

Euskal Herria. Kontzeptu hori aspalditxo dago normalduta EIren diskurtsoan. Eta baloratzekoa da nola ari den zabaltzen, kostata, REko esaleen ahotan, nahiz eta oraindik Euskadi eta Navarra ahotan eduki nagusiki. Gero eta erreparo edo izu gutxiago sumatzen zaie Nafarroa gainerako herrialdeekin batzen dituzten albisteak jorratzerakoan, kontzeptuaren atzean konspirazio politikoak ikus ditzaketen Iñaki Anasagasti eta enparauen amorrurako. Kulturaren arloan, batere trabarik gabe erabili izan dute. Kiroletan nabarmen ari da gertatzen, gero eta ohikoago entzutea, esaterako, «Euskal Herrian zortziak direnean jokatuko du Baskoniak Errusian». Albistegietan dauzkate duda-mudarik handienak; «Gamesak Euskal Herrian dauzkan plantak» botako dute lasai asko, baina hortik aurrera, komeriak! Ostiral goizeko albistegi nagusiko tituluan «Euskadiko hiriburuetan» emakumeen manifestazioak aipatu ziren, baina gero albistegia garatzeko orduan, «Euskal Herriko lau hiriburuak» aipatu zizkiguten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.