Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Euskal herritarrak Madrilen

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Iñakitarrak. Urdangarin monarkia lehertzen ari dela, Lopetegi selekzioa eta Rosa Diez UPyD alderdia. Hori esan eta gero, euskal herritarrak instituzioetan sartzen segitzeko espainiarrak animatzen dituen Jonathan Martinez Info-7ko tertuliakidearen txioa ibili da eskuz esku. Ez nioke kontra egin nahi, baina nago egon daitezkeela patxadan España-una-libre nahi dutenak, guretik Madrilera joandako beste bi Iñaki kuttun dauzkate-eta, sistemaren egonkortasun-ziurtatzaile fin. Lopez abizenekoa bata, konstituzionalismoaren tinpanoak urra ditzaketen euskal herritarrak zentsuratzen dituen telebista saiorik ikusienaren aurkezlea. Gabilondo bigarrena, kontzientzia kritikoaren aureolapean mugitzen dena han-hemen, 1978ko erregimena ondo egin izanaren mezua zabaltzen segitzen duen pregoilaria.

Grande Marlaska. Epaile euskal herritarraren curriculuma osatzerakoan, sarri azpimarratu da ezker abertzalearen kolpekari izan dela. Deskripzio aseptikoa egiten ariko balira bezala, ideologiarik itsatsi gabe. Ezkutatu samar utzi dute Europako epaitegien arabera herritar askoren giza eskubideak urratu dituen epailea dela.

Hara nolakoa azaltzen zaigun kazetaritza horren etika: aztoratzen da ogasunari 200.000 euroko iruzurra egin dion pertsona ministro izan daitekeelako, eta normaltzat hartzen du herritarren giza eskubideak behin eta berriro urratu dituena ministro izatea.

Zarzalejos familia. Jose Antonio Zarzalejos, aita, zentsore eta Bizkaiko gobernadore zibila izan zen Francorekin; 1977an dimititu zuen, ikurrina legeztatu zelako. Bere bi seme-alabak, Jose Antonio eta Charo, Madrilen 1978an makinatutako establishment-aren parte dira hasieratik, euskal gaietan aditua den euskal herritarraren izartxoa paparrean. Ahots autorizatutzat izan dituzte beti makina bat tokitan (RN1, Cadena Ser...). Gertuago ere, Charo urte mordoan REko tertuliakidea izan zen, eta aurreko astean Ganbara-tik hots egin zioten PPren barrunbeak azaltzeko. Oraindik orain, Anasagastik iradoki digu semea atzeko atetik sartu zela Bizkaiko diputazioan funtzionario gisa; influentzia-trafiko ariketa hori ez zela pasako isilik, egungo prentsa balego orduan. Anai-arrebak iraganagatik autokritika egitea besteei exijitzen dien kofradiako kideak ditugu. Aita ez da existitu iragan horretan, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.