Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Arrakalak Euskaraldian

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Arrakasta bai, eta arrakalak ere bistan jarri dituzte Euskaraldiko parte hartzeari buruzko datuek. Datorren urtean egingo dute bigarren Euskaraldia, eta, iragarpena baliatuta, iazkoaren datuak eman dituzte, Gaindegiak landuak. 225.000 lagunek baino gehiagok eman zuten izena, eta, beraz, argi dago euskararen erabileran eragiteko inoiz egindako ariketarik jendetsuena izan zela. Komeni da, ordea, datu horiek xeheago aztertzea, indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko, eta, hala, datorren urteko ariketarako bidea hobeto prestatzeko.

Lurraldetasuna

Lehen arrakala: lurraldea. Euskaldunen kopurua eta Euskaraldian izena eman dutenena alderatuta, hau da proportzioa: zazpi euskalduneko, parte hartzaile bat (%15). Desoreka handiak daude, baina. Batezbestekoaren nabarmen azpitik daude Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa: hamalau euskaldunetik batek ere ez du parte hartu ariketan. Bizkaia ere batezbestekotik behera ageri da: zortzi euskalduneko, partaide bat.

Hiriburuetako datuekin alderaketa bera egiten bada —alegia, euskaldun bakoitzeko zenbat parte hartzaile izan diren—, bera da joera. Baiona dago apalen, alde handiarekin: 26 euskalduneko, partaide bat (euskaldunen %4). Bilbo ageri da ondoren: hamar euskalduneko, batek eman du izena (%10). Atzerago dago, beraz, Gasteiz (%12), Iruñea (%13) eta Donostia (%15) baino. Datu eta joera esanguratsuak dira, beste inkesta eta neurketa batzuetako datuen traza badaukatenak.

Izen emateei dagokienez, datu adierazgarri bat: proportzioan, hiriburuetako euskaldunen parte hartzea txikiagoa da herrialdekoa baino. Ematen du arrasto bat euskaldunak trinkotzearen garrantziaz, eta eremu batzuetan euskalgintzak dauzkan zailtasunez.

Gurasoak eta gazteak

Adinaren ikuspegia ere kontuan hartzekoa da. 30-44 urteko adin taldearen parte hartzea da nabarmentzekoa: ia bost parte hartzailetik bi ziren adin talde horretakoak (%37). Guraso izateko edadean dagoen taldea da. Aztertzekoa da faktore horren eragina.

Gazteagoei dagokienez, 16-29 urtekoak izan dira partaideen %24. Aintzat hartzekoa da jende multzoz adin talde txikiagoa dela, baina, aldi berean, euskaraz dakitenak gehiago dira adin talde horretan: ia erdiak. Alde horretatik, helduetan baino partaidetza apalagoa izan da gazteen artean. Hor ere bada zer aztertua: batik bat eskolaren bidez euskaldundutako gazte horiek nolako harremana duten euskararekin, zer irudi duten euskararen inguruko egitasmoei buruz, eta, batez ere, euskara erabiltzeko zer gaitasun duten, eta inguruan zer aukera. Hots, hizkuntza ohituretatik haragokoa dela erabileraren auzia.

Genero arrakala

Generoarena da aztertzeko moduko hirugarren arrakala: hiru partaidetik bi, emakumeak. Alde hori ez da nabari guraso gazteen adin taldean bakarrik —askotan horri lotu izan baitzaio sexu diferentzia: umeen zaintza batik bat emakumeen gain dagoenez, eta euskara batik bat haurrekin erabiltzen denez, hori dagoela andreek euskaraz gehiago egitearen oinarrian—. Ordea, adin talde guztietan nabari da sexu diferentzia, baita nerabeetan ere: 16 urterekin, 1.600 gizon eta 3.300 emakume. Ez da ezustekoa izan. Kaleko neurketek aldiz aldi erakutsi dute emakumeen erabilera handixeagoa dela, eta euskararen transmisioari dagokionez ere nabari da aldea, euskararen transmisioan ekarpen handiagoa egin dutela amek. Badago zer aztertu.

Euskaraldia bi urteko zikloetan antolatzea erabaki dute; 2020ko udazkenean izango da bigarrena. Herritarrak ez ezik, entitateak ere subjektu egin nahi dituzte, beren inguruan neurriak har ditzaten hizkuntza ohiturak aldatzeko. Bidea prestatzen hasi dira. Lehen Euskaraldiko datuak ez dira ikasgai txarra. Genero arrakala gaindituta, andre adina gizonek parte hartuta, 280.000 lagun lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.