urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hizkuntzak

2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Atzo, otsailaren 23an, Stalinen deportazioen 75. urteurrena gogorarazi zuten txetxeniarrek eta inguxek (Europako Parlamentuak genozidio izendatu zuen duela hamabost urte). Herriak osorik trenetan sartu eta milaka kilometrotara bidali zituzten, heldu, zahar zein ume, herena iritsi ere ez ziren egin Kazakhstanera. Khruxevek hamahiru urte geroago salatu zituen Stalinen krimenak, eta itzultzeko baimena izan zuten bizirik zeudenek, baina betiko gelditu zen zauria. «Stalinek egin zituen ekintza izugarriak Sobietar estatuaren nazionalitateen politikaren printzipio leninisten urraketa gordinak dira; nazio osoen deportazioaz ari gara».

Hamarkadak behar izan zituzten gerra aurreko biztanle kopurura heltzeko, eta, orduan, berriz ere gerra egin zien Errusiak. Kontuak kontu, Ipar Kaukasoko hizkuntza indartsuenetakoa da oraindik txetxeniera. Ahozko hizkuntza neurri handi batean, baina oso erabilia. Nahiko lukete Finlandiako mugatik ia Alaskaraino mintzatzen diren hizkuntzek txetxenieraren indarra.

Hizkuntza indigenen nazioarteko urtea izendatu dute 2019a Nazio Batuen Erakundeak. Gaiak hartu duen garrantziaren seinale bada. Baina kontzientzia pizten den askotan gertatu ohi denez, galera ere handia dela erakusten du. 20 urte bete dira otsailaren 21a aurten Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izendatu zuela. Azalean gelditzearen ohituragatik, izenean izanean baino gehiago erreparatzeagatik, ez da aparteko eguna gurean. Munduko hizkuntza indigenetan eta mintzaira gutxituetan oro har nabarmen ospatzen da otsailaren 21a horratik: izenaren egokitasuna gorabehera, hor daudela gogorarazteko data da. Nahiago nuke, gurean indigenismoa gainditu dugun seinale balitz; are gehiago, «normalizazioa» esaten dugunean ez dugula gutxitu izan esan nahi bagenu, hegemonia lortzeko —eta hegemonia daukanari kentzeko— plangintza bagenu. Katalanek leunago —baina zehatzago— «hizkuntza komuna» deitzen diote: beste hizkuntza batzuetako herritarren hizkuntza eskubideak bermatu, baina zure hizkuntza izatea «komuna». Itzultzaileek literatura eta zinema eta filmak euskaratzea, eta administrazioko dokumentuak erdaratzea —beharrezko irizten direnak soilik, ez sistemakoki—, euskaraz sortzen diren seinale.

Katalanek lan handia egin izan dute hizkuntzen elkartasunean, CIEMEN bezalako erakundeek bide luzea dute Europako eta munduko mintzairak eta herriak babesten. Gutxitu izatetik sor liteke agian nortasun hori, baina argi dute, halaber, beren bidea egitea besterik ez dutela: ez dagoela euren errealitatearen antzekorik, hamar milioi hiztun, literatura aberatsa, itzulpen ugari, baina beste hizkuntza hegemoniko baten menpe, eta Europan ofizialtasunik ez.

Bretainia, Frisia, Korsika, Gales, Irlanda, Galizia, hurbil ditugun eta sinpatiaz bisitatzen ditugun lekuak dira, euskaltzale ugari joan dira eta herrialdeotako ekintzaile asko izan dira gurean ere. Hizkuntza hegemonikotik hurbil dagoenean gutxitua, errazagoa da irakaskuntza, baina hizkuntza handian urtzeko arriskua ere handitzen da. Hizkuntzak lurralde autonomiarik ez badu, atzerago egon ohi da beti. Berdin mugimendu abertzale indartsurik ez badago. Kritikagarri izan litezke, noski, Jaurlaritza edo alderdi abertzaleak —areago, fiskalizazioa beti da ona gizarte demokratiko batean—, baina horrelako erakunderik ez duten lekuetan nabarmen makalago dago hizkuntza. Hori guztia gizarte antolatu eta ekimen sozial indartsuarekin badator, hainbat hobe, zelan ez; kanpotik datozenak ezerk harritzen baditu gurean diren erakunde multzoa dira, herrietako euskara taldeetatik kulturan, zientzian... Irlandaren ezinak edo galeseraren euskararekiko ustezko antzekotasunak, alde nabarmen bat edo bi dituzte atzean: hizkuntza hegemonikoa mundu osoko hizkuntza hegemonikoa ere badela, mundu osoan elebakar bizi daitezkeela pentsatzeraino. Gurean euskara baztertu gura dutenek ere badakizkite frantsesa edo espainola jakitearen mugak, eta ingelesez jakitearen garrantzia. Eta horri lotuta, hiztun guztiek dakiten beste hizkuntza izatea ingelesa Galesen eta Irlandan; hegoaldeko euskaldun gehienek ez dute behar bezala baloratzen iparraren garrantzia.

Asko dugu erakusteko munduko herri eta hizkuntza txikiei, eta egongo da zer ikasi hizkuntza gutxituen artean. Baina, batez ere, gutxitu izatea gainditu zuten eta txikitasunean hegemoniko direnei erreparatzea komeni da, islandierari, letonierari, eslovenierari edo estonierari, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.