urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bigarren erreferendumera bidean

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Bigarren erreferenduma aipatzen badugu, Eskozia dugu ziur aski buruan, Kaledonia zaharra. Baina Kaledonia zeltikoaz bainoago, Ozeaniakoaz ari gara gaur, Kaledonia Berriaz. Kanakyz. Urte erdi bete zen joan den astean azaroan egindako erreferendum historikotik, Frantziari batuta jarraitzearen aldekoen garaipen handia iragartzen zuten aste batzuk lehenago inkestek, eta, inor gutxik espero ez bezala, independentismoak %45eraino iristea lortu zuen azkenean. Entsegu orokorra deitu zion baten batek, aurki beste erreferendum bat, eta are bi, egiteko aukera zutela jakitun, Noumeako 1998ko bake akordioek hiru erreferendum aurreikusten baitituzte 2022 bitartean.

Azaroko galdeketaz gero lehen aldiz doaz Kaledonia Berriko herritarrak hauteslekuetara gaur, probintzietako ganberetako ordezkariak bozkatuko baitituzte. Hiru probintzia dira: Kaledonia Berriaren hegoaldea,iparraldea eta lurralde nagusitik mendebaldera diren Loyaute uharte txikiagoak. Azken biak independentisten esku dira, eta loialismoa, Frantziari lotuta jarraitzearen aldekoak, hegoaldean, Noumea eta inguruan pilatzen dira. Lurralderik txikiena, baina populaziorik handienekoa halaber: 40 hautetsi dituzte, baina hegoaldean 22 eta uharteetan 14 dituzten. 76 horietako 54k osatuko dute Kaledonia Berriko Kongresua datozen bost urteotan, hau da, Parisekin hurrengo erreferenduma(k) negoziatzeko ardura izango dute.

Kongresuko 54 diputatu horietatik 25 izan dituzte independentistek, eta behingoan gehiengoa izateko itxaropena daukate. Eskuin unionista gogorreneko alderdiak (Errepublikanoen inguruko hiru alderdik, hamalau diputatu dituzte guztira orain bertan) L'Avenir en Confiance plataforman batuta aurkeztu dira horrelakorik gerta ez dadin, eta hauteskunde legearen desoreka salatu dute, hegoaldean diputatua lortzeko 5.000 boto behar diren artean, horien erdiak baino gutxiago behar baitira beste bi probintzietan. Hamabost diputatu dituen Caledonie Ensembleko eskuin unionista moderatuagoak ez du bat egin plataforman.

Noumeako akordioen arabera, diputatuen herenek hala eskatuz gero deituko dute bigarren edo eta hirugarren erreferenduma. Eta hondamendi handirik gertatu ezean independentistek hemezortzi diputatu baino gehiago izango dituztenez, unionistek ere nahi dute bigarren erreferendum hori, baina badira ñabardurak: Errepublikanoek «ahalik bizkorrena» nahi dute, iazko azaroko emaitzetako lezioa ikasi dutelakoan, hau da, parte hartze handia eskualde independentistei esker gertatu zela eta Frantziaren jarraitzaile anitz etxean gelditu zirela. Hurrengo galdeketan horrelakorik gertatuko ez dela sinetsita daude, unionismoak garaipen argiagoa lortuko duela eta, hala, FLNKS fronte kanak sozialistako buruekin indar posizio batetik negoziatu ahalko dutela.

FLNKS ere, paradoxikoki, bat dator eskuinarekin bigarren erreferenduma bizkor antolatzeko proposamenean. Iazko emaitzen olatuan gora egitea dute helburu. «Subiranotasun osoa da irtenbide bakarra» esan du asteon Paul Néaoutyne iparraldeko probintziako presidente eta FLNKSko ordezkariak. Caledonie Ensemble da galdeketaren aurka agertu den bakarra, alferrikakoa delakoan «emaitza bera izango baita». Independentismoarekin elkarrizketari eustea eta, ondorio legez, «subiranotasuna errepublikaren barruan» izango duen konponbidea adostea nahi dute, eta adostasun hori lortutakoan egitea galdeketa.

Lerrook irakurtzerako amaituta egongo dira hauteskundeak, ziur aski, Euskal Herrian baino bederatzi ordu aurrerago baitaude Kaledonia Berrian. Independentismoak garaipena lor lezake, baina, horretarako, ezinbestean hobetu beharko ditu Noumeako eta hegoaldeko emaitzak, 40 ordezkarietatik 33 unionistak izan baitira orain arte. Hiriburuan babesa handitzea lortzen badu, inflexio puntu garrantzitsua izango da datorren urtean antolatu nahi duten erreferendumerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.