urtzi urkizu
Donostiako 66. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Gurasoen ispilu

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Mikel Urdangarinen aitarentzat, semearen diskorik gogokoena Espilue da. Abesbatza batean kantatzen du aitak; ongi kantatu, gainera. Ama margolaria zen gaztetan. Margolaria dokumentalarentzat, funtsezko detailea. Alain Urrutia margolaria zuri-beltzean aritzen da lanean. Eta Oier Arantzabalek zuri-beltzean egin du Urdangarinen sormen bidaiaren erretratu luzea. Kontatzeko forman asmatu du, emaitzari erreparatuta. Lan zaindua, mimoz landua, gidoi oso txukun batetik sortua. Urdangarin Euskal Herrian, Londresen eta Okinawan azalduko da. Batekin eta bestearekin solasean. Eta 105 minutuak ez dira luze egiten, Urdangarinen sormenezko bidaian sormen lan eder bat delako bere horretan Margolaria.

Bizkaiko beste musikari batek, Agus Barandiaranek, familiako baserriaren istorioa kontatu du Basque Selfie-n. Benetako gertaeretan oinarritutako lana da; baina, alde batetik, Barandiaran bera da protagonista kameren aurrean, eta, bestetik, aktore batzuk ageri dira fikziozko pertsonaiak jokatzen. Izan zitekeen emaitza hobea, agian, istorioa beste modu batean kontatu izan balitz. Edonola ere, belaunaldi arteko transmisioak uki dezake ikusleren bat.

Belaunaldien artean bidaiatzen duen bestelako istorio bat da Baúles dokumentalarena. Juanmi Gutierrezen lanean, Leon (Espainia) eta Mexiko arteko gutunek sentimendu biziak sorrarazten dituzte. Leongo herrixka bateko gizon bat Mexikora joan zen 1931n, jaioterrian emaztea eta hiru seme-alaba utzita. Gero, beste familia bat sortu zuen Mexikon. Gizon haren bilobek, Espainiakoek eta Mexikokoek, aitonaren bizitza kontatuko dute kameren aurrean. Lan xumea da Baúles, pertsonala, eta bizia aldi berean. Ikusteko modukoa.

Hiru lan berri, oso ezberdinak hiruren artean, baina guztietan agerikoa da sustraien indarra. Denok baikara, neurri batean edo bestean, gure gurasoen ispilu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.