urtzi urkizu
Donostiako 66. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Martin Ugalde galdezka

2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Itsua da ongien ikusten duena», esaten dio Elizabeth Macklin olerkariak Mikel Urdangarini Margolaria-n. Gallo dokumentalean, surflari itsu bat da protagonista: Aitor Francesena. Olatuak sentitu ez ezik, bizitza erraz ikusten du. Bizitzarako lezio bat baino gehiago ematen ditu surflari txapeldunak, bere ezizena izenburutzat duen filmean. Txikia, baina hunkigarria da Antonio Diaz Huertak zuzendutako lana. Begiak zabaltzeko aproposa.

Jose Manuel Pagoaga Peixoto-k ikusmena galdu zuen 1979an, atentatu baten ostean. Itzalen bat baino ez du ikusten gaur egun, baina argitasunez mintzatzen da Jainkoak ez dit barkatzen dokumental txundigarrian. Argi kontatzen du Lezo Urreiztieta lagunak zuen ametsa: Mexikoko Guadalupe uhartean Euskal Herri aske bat eraikitzea. Euzkadi Tropikala izena du Martin Ugaldek egindako elkarrizketetan oinarritutako lanaren zati horrek. Egunotan itzaletik irten da apur bat Urreiztietaren biografia: pirata, kontrabandista, gudari heterodoxoa, inork beretzat hartu ez zuen pertsonaia definiezina. Netflix Originals-en lehen euskarazko telesailerako ematen dute Martin Ugaldek grabatutako zintek —35 orduko elkarrizketak—. Josu Martinezek maisuki atera dio zukua audio material horri. Memoria historikoari helduta, nekez egingo du ikusle batek hainbeste barre dokumental batekin. Eta, irriarekin batera, jakingarriak atera. Sekulakoa da Lezo.

Andoainen gordeta zeuden elkarrizketa zintetan film itsu bat zegoen, eta irudiz jantzi du dena Martinezek. Mota guztietako ikusleak gozarazteko moduan. Behin Urreiztietaren lilura pasatu zaidanean, Martin Ugalderen ahotsean hasi naiz pentsatzen. Galdetzeko moduaz, protagonistari gaietan bide emateko duen trebeziaz, kazetari senaz. Gehiegi itsutu gabe, esatera noa Ugaldek berak ere mereziko lukeela HBOren telesail bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.