Goazen harira. Kazetari batek futbol jarraitzaile bati elkarrizketa egiten hasi eta jaso zituen lehen hitzak «nola izena duzu, polita?» izan ziren. Kazetariak berehala erantzun zion hori ez zela garrantzitsua. Kazetari horrek jarrera eta hizkera matxistak behin baino gehiagotan jasan dituela jakinarazi du. Eta hor ere egurra jaso du. Bere ogibide bereko beste batek bere irudiagatik dagoela hor eta futbolaz deus ez dakiela aurpegiratu dio. Polita ez balitz ez litzatekeela hor egongo leporatu dio.
Errusiako kaleetan albiste bat grabatzen ari zen beste kazetari bati, oharkabean etorritako futbolzale batek muxu eman zion titi bat ukituz.
Bi adibide baino ez ditut ekarriko, baina badira gehiago. Bi esku aski ez zenbatzeko. Lotsagarria eta salatzekoa.
Gertaera hauek gutxietsi eta zigortu egin behar dira, ados, baina eraso matxista jaso zuen kazetari horietako batek ere badu nondik heldu. Aurkari zuten selekzioko jokalariei buruz «oso erakargarriak dira, etsaiarekin oheratuko nintzateke. Baten batek kontsolatu beharko ditu, ezta?» esan zuen.
Inondik inora ezin da onartu eraso matxista bat. Kazetari batek gisa horretara hitz egitea ere ez, ordea.
Ez dut esan, baina esan beharrik ez zegoen, ezta? Nik hemen aipatu ditudan kazetari guztiak emakumezkoak dira, bai kritikatuak eta baita kritikatzaileak ere. Soka luzea lekarke, baina oraindik korapiloa ezin askatuta nabil.