urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Britainiak eta Kaledoniak

2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Hiru urte, hasierako lekura heltzeko: brexit-a gailen eta lehen ministroak dimisioa. Alderdi Kontserbadorearen zatiketa eta Nigel Farageren UKIPek zekarren arriskua behin betiko konpontzeko era onena haren eskaerari men eginda lortuko zuela pentsatu zuen: galdetu brexit-az, Europan geratzea erabaki, eta uxatu arriskua. Handik hiru urtera, britainiar hauteskunde sistema bereziagatik parlamentutik kanpo egon arren, Brexitaren Alderdia nagusitu da bozetan. Europako Parlamenturakoetan, paradoxikoki.

Boris Johnsonen izena agertu zen orduan ere lehen ministro izateko, baina bizpahiru mugimendu bizkorrek jokoz kanpo utzi zuten Londresko alkate ohia, eta ordura arte EBn gelditzearen aldeko Theresa May sartu zen Downing Streeteko 10.era. Bihar berriz ekingo diote tory-ek prozesu horri, hamaika hautagairekin eta ostera ere Johnson faborito. Hori bai, remainer-ik gabe orain, eta urriaren 31n brexit-a gauzatzeko prest, akordioarekin zein akordiorik gabe: akordiorik gabe, alegia. Dominique Raab eta Johnson bera, jarrera gogorrena agertu dutenak.

Brexit-aren zurrunbiloan eta gobernubururik gabe geratzear dela herrialdea, egonkortasunerako arriskurik handienaren bisita izan du asteon. Trumpek lotsarik gabe hauspotu ditu Johnson eta Farage, eta berdin egurtu harrera egin —behar izan— dion hiriburuko alkateari.

Amildegitik geroz eta hurbilago eta brexit-ak dakarren hondamendiak bultzatuta, galdeketarako lege proposamena eraman zuen joan den astean Nicola Sturgeon lehen ministroak Edinburgoko Parlamentura. Kosta zaio, kosta zaionez, baina Eskoziak ekin dio azkenean independentziarako bigarren erreferendumaren bideari. Europako hauteskundeetako emaitzak hauspotuta, eta SNP alderdi independentista buru duen gobernuaren agintaldia 2021eko maiatzean amaituko da, eta epe horren aurretik egiteko asmoa iragarria zuen lehen ere. Orain, data zehatzik gabe baina 2020an —datorren urterako— deitu nahi duela esan du Sturgeonek. «Europako nazio independente baten alde ala kanpotik inposatutako brexit-aren artean» hautatu beharko dute herritarrek, lehen ministroaren berbetan.

Hasi berri den bidean lehen urratsak Eskozian bertan eman beharko ditu; ez dirudi arazo handirik izango duenik beharrezko legedia osatzeko: SNPren gehiengoaz gain, berdeak ere independentistak dira. Eta ezin ahaztu: independentziaren aurkakoek ere ezinbestean galdeketaren aurka egon behar dute. Javid Savid lehen ministro izateko hautagaiak, bai, esan zuen ez zuela baimenduko erreferendumik. Eta barrez eta burlaz hartu dute Eskozian. Erabakitzeko eskubidea ez da eztabaidagai Eskozian.

«Belaunaldi baterako» eztabaida amaitu beharko zuen duela bost urteko erreferendumak, 2014ko kanpainan independentistek esan eta unionistek behin eta berriz gogorarazten dieten legez. Handik bi urte baino gutxiagora goitik behera irauli zen dena, ordea: 2016ko ekainean brexit-a gailendu zen ustekabean, Ingalaterrako pisu demografikoagatik; Eskozian %62kRemain edo EBn gelditzearen alde bozkatu zuten, horratik. Eta legitimazio talka dator hor: bi erabaki hartu dituzte eskoziarrek: Erresuma Batuan geratzea eta Europako Batasuneko kide izaten jarraitzea. Batak bestea ukatzen du, horratik. Aurkako mehatxua izan zuten lehen erreferendumean, gainera, Londrestik bereizteak Bruselatik bereiztea ere ekarriko zuela ezinbestean. Espainiak behartutako jokaldia izan zen, eta kasu orain ere: Edinburgon Espainiak zeukan kontsulak Madrilek betorik ez zuela jarriko esan du egunotan, eta berehala kanporatu du Josep Borrellek.

Edozelan ere, pentsatzekoa da beso zabalik hartuko lukeela Europako Batasunak Eskozia independentea. Ezin ahaztu, horrek berez dakartzan aldaketez harago, brexit-ak Irlandara ekarri duen buruhaustea lekarkeela Britainia Handira: Europako Batasunean dagoen herrialde bat, eta EBtik kanpo geratu den beste bat. Akordiorik gabe balitz, muga fisikoa beharko litzateke Ingalaterraren eta Eskoziaren artean, Britainia Handiaren bihotzean; kontrolak, hesiak eta mugazainak.

Amaitzeko, britainiarren auziak utzita eta urrunagoko uharteetara begira, datorren astean adi egon beharreko beste leku garrantzitsu bat: hilaren 13an, ostegunean, Kaledonia Berriak gobernua hautatuko du, maiatzeko hauteskundeetatik hilabetera. Parlamentua eratzean ezustekoa izan zen ganberaren presidentetza Roch Wamytan independentistak lortzea, gehienetan unionisten aldera lerratzen diren Wallis eta Futunako etorkin polinesiarren alderdiarekin lortutako akordioari esker. Orain, Eveil Oceanien-ek jarrera aldatu eta eskuin unionistarekin egin du akordioa. Edozelan ere, parlamentua eratuta eta gobernua hautatuta —zernahi kolore duela ere exekutiboak— 2020ko independentzia erreferendumera bidea abian da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.