DARWIN ETA GU

Heriotza(k) Bilbon

Pastor
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Futbola, kirola, lehia osasuntsua... hori guztia bazterrean geratu zen herenegun Bilbon. Bizkaiko hiriburuan izaniko istiluek Athletic-Spartak partida itzali zuten. Ukabilkadak, ostikoak, kolpeak, harriak... Indarkeria nonahi.

Guztiak saltsan, errusiarrak eta hemengoak. Ertzaintzak hainbat tresna atzeman ei zizkien «gutarrei»: borrak, mailuak, suziriak... Errusiar bati labankada eman zioten atzetik. Nork? Beti esan dugu aiztoak-eta «kanpotik etorritakoek» erabiltzen dituztela. Erasotzaileak hemengoak izatekotan, haien leinukoak izango ziren, seguruena, gure elastikoa jantzita. Edo poloniarrak —poloniarrik ere bai baitzegoen liskarretan—. Poloniar bat komunisten birbilobei erasotzen, Katingo sarraskia gogoan. Alemaniar bat pasatu balitz ondotik, Molotov-Ribbentrop itunaz oroitu, eta sast, hari ere labankada.

Penagarria. Lotsagarria. Nork bere begiekin ikuskatzen du errealitatea, bere pentsamolde eta aurreiritziekin. Berehalako erreakzioek ez dute giroa baretzen laguntzen. Inocencio Alonso ertzaina zendu zela jakin bezain laster, heriotza bengala batek eragin zuela zabaldu zuten zenbait hedabidek, bihotzekoak jota hil zela horren ondorioz. Batzuen ustez, bengala errusiarrek jaurti zuten; besteen iritziz, Herri Nortekoen eskuetatik irten zen. Nahasmena. Eta Bilboko alkatearen hitzak ertzainaren heriotzari buruz: «El que la hace la paga». Alegia: «Egiten duenak larrutik ordaintzen du». Baina zer esan ertzaina furgonetan bertan ondoezik zegoela baieztatzen bada, bengalarik ez zuela jaso? Nork ordaindu behar du larrutik? Nor eramango dute epailearen aurrera Alonsoren heriotzagatik? Boris, Aitor, 51 urteko bihotz nekatu bat, hamahiru orduz lanean aritu ostean estres hilgarriari eutsi ez ziona?

Egiten duenak larrutik ordaintzen du. Ia sei urte pasatu dira Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas hil zuenetik. Osteguneko gertakari lazgarrian ez bezala, orduan lehen momentutik egon zen argi zerk hil zuen gaztea —nork idatzi beharko dut?—. Une hartan inork ez zuen esan «egiten duenak larrutik ordaintzen du», pilota nork eta nola aginduta irten zen ondo jakin arren. Hitz neurtuak izan ziren, hauen modukoak: «Ikertu egingo dugu gertakari triste hau»; «gure doluminak familiari»; «azkeneraino joango gara gertatutakoa argitzeko». Ez. Ez gaizki ulertu: ostegunean legez, «larrutik ordaintzen du» hitzak sobera zeuden 2012ko apirilean ere. Inork ez du mendekurik nahi; bai, ordea, egia jakin. Erantzukizunak. Eta epaileak erruduntasunik badela erabakiz gero, legearen araberako zigorra ezarri. Zigorra, ez «zigor eredugarria», eredugarri berbak mendeku zantzuak baititu. Justizia, ez larrutik ordaintzea.

Baten batek galde lezake zer dela-eta aipatu orain Cabacasen heriotza. Futbolaren inguruan istilu larriak izan dira Bilbon. Zaurituak, atxilotuak. Eta heriotza bat. Iragana gogora ekarriz gero, zer aipatuko dugu, ba? Yiyo toreatzailearen heriotza? Horregatik, hain zuzen ere, komeni da Iñigo Cabacasen kasua gogoraraztea. Eta beste arrazoi batengatik. Aste honetan —kasualitatea— Cabacasen heriotzaren auzian erantzukizunik ez dagoela esan du fiskalak. «Deliturik ez».

Ertzainen jarduera «proportzionatua» izan omen zen ostegunean. Beharko. Zer gertatuko litzateke geroan, herenegun Ertzaintzako buru batek gomazko pilotak erabiltzeko baimena izan, eta «entrar con todo» agindu balu, errusiar baketsuz osatutako talde bati erasotzeko? —errusiar baketsuak ere badaude—. Zer, tabernan jo eta fuego sartu, eta errusiar bati burua lehertu baliote? Ez dakit fiskalak eta gure agintariek Cabacasen kasuan bezala jokatuko oteluketen, ikerketari hainbeste oztopo jarriz, Errusiako agintariak eta hedabideak hona begira izango balituzte. Basauriko Iñigorekin, tira, baina Moskuko Yurirekin, erne bazterrak: errusiar horiek zoratuta daude; Putin kapaza da, hego-haizeak jota, Ajuria Enean Ama Errusiaren bandera jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.