urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Ondarea

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Egipton Asuango urtegia egiteak urpean utzi zuen Abu Simbel zegoen lekua, 1959an. Mundu osoko gobernuen konpromisoak ekarri zuen tenplua harriz harri lekualdatzea; elkarlan hori izan omen zen egun Munduko Ondare izendatzen dugun zerrendarako abiapuntu. Duela hamar urte, berriz, ondare immaterialaren zerrenda eratu zen. Harrizko tenpluen ordez, ondare izan zitekeen belaunez belaun transmititutako kultur eremu bat bazelakoan. Bestelako babesa behar zuten praktika horiek: tenplu bat harriz harri lekualdatu daiteke, eta sarritan dirua eta hirigintza-politikak uztartzen dira horretan. Ukigarria ez den ondare horri eusteko, baina, adierazpide hori ahalbidetu duten baldintzak bete behar dira. Errituak, ospakizunak, kantua edo ipuingintza, dantzak, elikadura, eta kirolak edo borroka mota bat dira ondare honen adibideetako batzuk.

Egunotan egin diren izendapenetan, reggaea munduko ondaretzat aitortu da. Faraoien arkitekturatik Antilletako reggaera, ondarean ulermenak bide luzea egin du hamarkadotan zehar. Ez da afroamerikarren lehen aitortza, horratik: duela hamar urte egindako lehen izendapenetan, hitz-hitz, «garifunen hizkuntza, musika eta dantza» sartu zituzten. Matxino afrikarren eta Antilletako indigenen ondorengo dira garifunak, XVII. mendean esklabo-ontzi batetik ihesi Saint Vincent eta Grenadinak uhartean lehorreratutako afrikarren eta bertan bizi ziren amerindiarren nahastetik sortutako kultura berezia. Europarrek Antilletan aurkitutako arawak hizkuntzari eutsi dioten bakarrak. Gero britainiarrek harrapatu eta Karibearen beste aldera, Roatan uhartera eraman zituzten, eta handik egungo Nikaraguako, Hondurasko, Guatemalako eta Belizeko kostaldean hedatu ziren.

Garinagu hizkuntzak eta garifuna herriak liluratuta, Karibeko paraje haietan ibili nintzen ni ere duela urte batzuk, gerora ondare izendatu diren beste matxino leku batzuetan legez, Stone Town Jamaikako zimarroien herrian edo Kolonbiako Palenque de San Basilion. Hondurasen, Telako badiako herri txiki baten, Alfredo Lopez irrati esataria ezagutu nuen. Garinaguz emititzen zuen, hizkuntzarekiko kontzientziaz baino gehiago, hori zelako komunitateko hizkuntza. Ia zazpi urte eman zituen preso, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak ere salatu zuen narkotrafiko salaketa baten erruz —garifuna komunitateen lurrak kentzeko erabiltzen diren akusazioak direla salatu dute behin baino gehiagotan—. Herriko ostatuko emakumeak bilobari «Irati» deitzen ziola erreparatu nion, ezagunak zitzaizkion gure euskal hitzak ere: Aurizberriko frontoian (Nafarroa) lan egindakoa zen, Pirinioetako hotza utzi eta Karibe ertzera itzuli ziren arte.

Gurean bertsolaritza izan da ondare immaterial izateko gehien proposatu den kultur jarduna, ziur aski. Euskara bera izan zitekeela ere aipatu izan da —garifunen kasuan, euren hizkuntza da izendapeneko lehen elementua, gero datoz dantzak eta musika—. Baina beti piztu du errezeloa gure hizkuntza museo-elementu bihurtu nahi horrek, eremu akademikotik kanpora eramaten bada batez ere. Naizenagatik nabarmendu nauzu, baina nabarmentzeak berak naizena baldintzatzen du. Kaukasoko ikertzaile batek polito azaldu izan zuen nola ikusten zituen gure errezeloak: «Hungariara doan edozein ikertzaile, euren hizkuntza Siberiako talderen batekin lotuz, beso zabalik hartzen dute. Euskaldunak kontrakoa zarete: edozein proposamen entzun eta berehala gutxiesten duzue, gezurra dela diozue, munduan bakarrak zaretela». Euskararik jakin gabe egindako funtsgabeko ikerketa askok emandako esperientzia ere bada.

Euskararen jatorriak baino gehiago, iraupenak ei dauka interes berezia. Gure hizkuntza mundu osoaren ondare izan liteke, baina ondarerik badugu, ikastolak, Korrika edo Euskaraldia sortu dituen komunitatearen grina eta berritzeko gaitasuna da. Bisitan izan ohi ditugun hizkuntza gutxituetako ekintzaileek hori nabarmentzen dute etengabe.

Bestelako begiradarik ere bada, baina: Katalunian berriki galleguització eta euskarització arriskuez ohartarazi dute. Lehena, hizkuntza ia espainieran urtzea da, hainbeste hurbiltzearen ondorioz. Bigarrena, hizkuntzak funtzio sinboliko izatea, baina eremu praktikoan espainierak hartzea. Ahalduntzeak, ezinbestean, hegemonia daukanari indarra kentzea eta zokoratzea dakar. Garabideri esker bisitan dugun lagunetako bat Suna da; ederto daki espainieraz, baina ingelesez egiten dugu beti elkar ezagutu genuenetik. Eremu neutrala zaigu, turkieraren edo espainieraren zubien beharrik gabe.

2019a indigena-hizkuntzen urtea izendatu du NBEk; hizkuntza askorentzako bultzada izan beharko luke. Ez hainbeste euskararentzat: Irati izeneko haur garifuna haren gurasoek, edo seme-alaben euskaragatik harrotzen diren paraguaitar edo boliviarrek ederto ulertu dute indigenismoa normaltasunaren antonimoa dela. Guraso horiek guaraniera edo amaziga transmititzea lortu behar dugu, eta horretarako darabilgun argudio egoista eurei ere esan: ume horiek dira guaraniera-euskara itzuliko duten belaunaldia, eta aski dira bospasei urte horretarako. Geuretik ahaldunduta hizkuntza hegemonikoaren beharrik gabe, Lutxo Egiak erakutsi zigun legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.