Nerea Ibarzabal
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Bizitza leihotik

2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Katu baten agonia-marrakek esnatu naute goizaldean, eta—nire ohetik mugitzeko inongo asmorik gabe— borrokan edo larrutan ari ote diren asmatu nahian nabilela, ama entzun dut egongelatik «eneeeee, eneeeee»-ka, salegitarrek desgraziak definitzeko hain propioa duten eran.

Ohetik salto egin, eta egongelako leiho parera iritsi naiz. Gure katua, Klara, goitik zabalduta zegoen leihotik etxe barrura sartzen saiatu da —baserrian bizi gara— eta trabatuta geratu da, gorputz erdia barruan eta beste erdia kanpoan. Zenbat eta beherago erori, orduan eta estuagoa da zirrikitua eta tripatik harrapatuta dago. Irudia esperpentikoa da.

Ez dakit inoiz estres momenturik kudeatzea tokatu izan zaizun, edo zure bizitza arriskuan egon ote den noizbait. Zure onerako, espero dut nire eskuetan inoiz ez erortzea. Katuarekin batera garrasi eta negar egiteaz gain, eta «deitu suhiltzaileei edo albaitariari!» oihukatzeaz aparte, ezer gutxirako gai naiz.

Baina are okerragoa dena, katuarekiko inork baino enpatia handiagoa sentitu arren, goizaldeko laurak direnez, ezin dut burutik kendu bihar goizean dentistarenean txanda daukadala Donostian, eta arratsaldean artikulua idatzi beharko dudala, beraz, siestarik ez, eta gauean bertso afari bat daukadala berandu amaituko dena, eta orain lorik hartu ezean biharko nire tetrisa guztiz irauliko dela, eta hortaz, etzikoa ere bai, eta abuztu osoa logurez pasatu beharko dudala Klararen erruz. Gaixoa harramazkaka eta leiho ertzei hozkaka hortzak galdu beharrean, eta ni pentsatzen ea dentistak noiz hartuko ote dituen oporrak, beste txanda bat eskatzeko.

Erratzarekin altxatzen saiatu gara, sukaldeko espatulekin, toallekin helduta... ez dago modurik. Larrialdietara deitu dugu erdi lotsatuta; ez genekien barre egingo ziguten, edo 24 orduko albaitaritza zerbitzua eskaini. Kasualitatea, erantzun digun emakumearen katuari gauza bera gertatu omen zitzaion, eta bere aholkuei esker eta leihoaren alde bietatik pixkanaka altxatuta, askatu dugu katua.

Mantso-mantso jaitsi da lurrera, eta hain berea duen patxadaz eta larderiaz aldendu da, bere kabuz atera izan balitz bezala, duinki. Guk ez dugu lo gehiagorik egin, eta horregatik ez naiz dentistarenera joan. Egun osoa daramat ingurukoei gertatutakoa kontatzen, aztoratuta —orain zuri ere bai, pentsa—, Klara eguzkitan etzanda dagoen bitartean lasai asko, lo.

Egia esan, barrezka ari naiz hau idatzi bitartean, paperean jarrita sekulako txorakeria dirudielako, baina uste dut menperatzen ez dugun bizi-filosofia oso bat erakutsi digula katuak metafora gautar honekin. Momentuak behar gaituenean biharamunkeriatan galtzen gara gu, bizitzaren beharrei kasurik ez eta betebeharrei gurtza. Arazoa konpondutakoan, aldiz, gerta zitezkeen gauza beldurgarriak imajinatzen eta sufrimendua berbizitzen tematzen gara, errudun bila, bagenu eta balitz-en zulodun zakua betetzen. Biharamunak eta bezperak maite ditugu gaurraren gainetik, eta agian ez dugu besterik merezi.

Horregatik gustatzen zaigu leihoak goitik irekita uztea: sar dadila haize apur bat artxibategi formako gure etxeetan, baina bizitza gehiegi ez; ea kortinaren bat edo... okerragoa dena, errutinaren bat hautsi behar digun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.