Nerea Ibarzabal
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Domeka

2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Ez dakit zelan besarkatuko zintuen domeka honek; atzetik, edo aurretik, edo estuegi, edo barkamena eskatzen bezala... eta ez dakit zelan itzuli nahi diozun zuk besarkada. Emozio gehiegi kudeatu behar dira domeketan, ezta? Ez da erraza astean zehar gertatutakoak iragaztea, eta gainera deskantsatzea, eta aldi berean biharamuneko egitekoen zerrenda errepikatzen dizun eltxoa belarri ertzean mantentzea, loak guztiz hartu ez zaitzan —eta, noski, gaueko 21:00 aldera, domekari atzera bueltarik ikusten ez diozunean, zure barruko Drama Anderearen pertsonaia antzeztea tokatzen da, eta horrek ere bere prestaketa eskatzen du—. Ez dira nahikoa 24 ordu.

Gauzak bukatzen dakitenentzat eta hasierei beldurrik ez dietenentzat dira egokiak domekak, eta agian zu ez zaude multzo horretan. Baina bada zerbait hasten eta amaitzen dakizuna, eta horixe bera gomendatu behar nizun egun honen erritual bilaka dezazun: lasagna begetal bat jatea izan zitekeen, baina ez, masturbatzea da. Bai. Esango duzu, «jode, plazeraren ikusgarritasuna banderatzat hartu duten emakume hauek zelan dauden, lotsatzea ez da ona izango baina hainbeste aldarrikatzea ere». Beno, ba berdin zait, baina masturbatzeko modu berezi bat proposatu nahi nizun, hala ere.

Zeure burua ukitzea konpondu ezin dituzun, amorrarazi zaituzten, edo, zergatik ez, baita poza eman dizuten kontu guztien izenean ere—beharbada lehen ere horrela egingo zenuen, baina oraingoan saia zaitez kontzienteki egiten, mendeku gisara—. Mundua ezer gutxi aldatuko da, baina domeka batez egin dezakezun aukerarik onena dela ziurta diezazuket. Begira, gaur probatu nahiko bazenu, adibide batzuk emango dizkizut.

Has zaitez astiro, itxi begiak, eta nabaritu zelan estutzen zaizun arnasa, zelan entzuten duzun biriketatik ateratzen zaizun airea txistuka... Gasteizen Pablo Casadori egin zioten bezala, txistu ozen. Zure hasierako kilimak haren omenez, izorratu dadila, bere printzipio guztiak hausten dituen euskaldun bat gozatzen ari delako eta ezin duelako ezer egin hori saihesteko.

Segi pixkanaka, zure gorputzeko atal periferikoak ukitzen, sistemari ihes egiten dioten okela zatiak eta ileak, zure ezkutaleku alternatiboak. Eta pentsatu Iruñeko Maravillas gaztetxea defendatzeko zein pintada egingo zenukeen zuk, eta non. Zeren alde zauden zu irekita eta bizirik momentu honetan, eta zeintzuen aurrean egingo zenukeen larrutan.

Odola are gehiago berotu dadin, eta futbolzalea baldin bazara, badakizu zein den Kepa joateak eragin dizun minaren lasaigarririk onena: zeu ere joatea. Baina tira, ni arrazoi horrek ez nau gehiegi kitzikatzen. Askoz intentsuagoa zait pentsatzea senatuetako gizon gorbatadunei ez litzaiekeela gustatuko domeketako gomendio hau. Horregatik, arnasestu artean, irudikatuko ditut emakumeak kaleetan berdez jantzita, izan ez ditugun ume ingeniari, mediku, astronauta, bortxatzaile, mesias guztien aurretik gu gaudela aldarrikatuz. Eta leherketa batean bukatu, libre baino, hilda nahiago gaituztenei begietara isurtzeko inongo asmo erreproduktiborik gabeko plazer autogestionatua. Oso korrosiboa omen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.