urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Papua mendebaldeari adi

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Azken asteotan aipatu izan dugu Pazifiko aldean independentzia erreferendum bitara deitua dutela aurten: Chuuk uhartea Mikronesiako federaziotik bereiztekoa hilabete barru —baliteke 2020ra atzeratzea—; eta Bougainville uharteak Papua Ginea Berritik aparteko estatua eratzeko bigarrena, ekainean. Hor ere badira konpondu beharreko auzi logistiko eta ekonomikoak, baina Bougainvilleko gatazka odoltsua amaitzeko bake hitzarmenetan adostu zenez, halabeharrez egin beharrekoa da erreferenduma, eta zalantza gutxi dago gehienek independentziaren alde bozkatuko dutela.

Ozeanian, Ginea Berriko uharte erraldoian zehazki, badago ia mende erdi duen beste gatazka bat. Azkenaldian, giroa nabarmen gaiztotu da, eta, itxura guztien arabera, hala egingo du datozen hiletan ere Indonesiak okupatutako Papua mendebaldean.

Indonesiak 1949an Herbehereetatik independentzia lortu zuenean, Ginea Berriaren mendebaldeak Amsterdamen menpe jarraitu zuen (Australiak administratu zuen ekialdea Papua Ginea Berriaren independentziara arte). Hurrengo urteetan, Jakartak lurraldea bereganatzeko ahaleginak egin zituen, eta 60ko hamarkadan Sukarno jeneralak mobilizazio militarrera deitu zuen, inbaditzeko prest. Kennedyk, komunismoaren aurkako aliatu bat galtzeko beldurrez, Herbehereen eta Indonesiaren arteko negoziazioak bultzatu zituen. New Yorkeko akordioa 1962n sinatu zen: Mendebaldeko Ginea Berria Jakartaren kontrolpean geldituko zen behin-behinekoz, baina hamarkada amaitu baino lehen autodeterminazioa egikaritu zuten papuarrek. Lurraldeari Irian Jaya izena eman zioten indonesiarrek, eta independentisten aurkako errepresioa berehala hasi zen. Suharto diktadorearen estatu kolpeak, 1966an, ehunka mila opositoreren hilketa ekarri zuen, eta Vietnamgo gerran kateatzen ari zen Estatu Batuen interesen aldeko neurri ekonomikoak hartu zituen, hala nola Freeport Sulphur meatze konpainiari kontzesio ugari ematea urre eta kobre erreserbak ustia zitzan. Testuinguru horretan heldu zen 1969ko autodeterminazio ariketa, uztailean. NBEk eskatu bezala, papuar biztanleen sufragio unibertsalaren ordez, indonesiarrek 1.022 lagun hautatu zituzten, herriz herri, eta militarren aurrean eskua altxatuta bozkatu behar izan zuten. Indonesiara batuta jarraitzearen alde egin zuten, noski. New Yorkeko akordioak zioena bete ez zela argi egon arren, Act of Free Choice edo Aukera Askearen Legea aintzat hartu zuten Nazio Batuek, 1969 azaroan. Hala, Mendebaldeko Ginea Berriaren deskolonizazioa burututzat jo zuten; papuarrek, ostera, iruzurra salatu dute ordutik. Hugh Lunn australiar kazetariak grabatu zuen iruzur hori, Indonesiako zerbitzu sekretuetako agenteak ageri ziren betaurreko beltzekin, papuarren taldetik berariaz mehatxupean hautatutako sei ordezkariak ekarriz. Multzoko hiru lagunek protesta egin zuten benetako bozketa bat eskatzeko; berehala atxilotu, eta handik eraman zituzten. Kazetariak NBEko ordezkariari galdetu zion, eta horrek erantzun zion behatzaile soila zela.

Jakartak sei urte geroago okupatutako Timor ekialdean bezala, operazio militarren gune izendatu zuten mendebaldeko Papua, eta milaka lagun hil zituzten 1998ra arte. Indonesiako diktaduraren amaierak autonomia proposamena ekarri zien timortarrei: ezetz esan zioten, eta ondorioa independentzia izan zen. Mendebaldeko Papuan, baina, munduko urre meatzerik handiena dago, AEBetako konpainia batek ustiatu eta zergak Jakartari ordaintzen dizkiona.

Azken hilotan erasoak, atentatuak eta Indonesiaren errepresioa handituz joan dira. Independentisten eraso batean errepide bat eraikitzen ari ziren hamazazpi lagun hil zituzten —armadako kideak zirela argudiatu zuen gerrillak—, eta armadari mendiko herrietan arma kimikoak erabiltzea egotzi diote. Era berean, Ozeaniako zenbait estatuk anbiguotasunik gabeko babesa erakutsi diete papuarrei, melanesiarrek esaterako, eta Vanuatuk bereziki. Ostegunean, Papua Libreko Mugimenduak eta haren adar militarrak prentsaurrekoa eman zuten Ginea Berrian, Indonesiaren aurkako gerra abian zela iragarriz, eta negoziaziorako prestutasuna erakutsiz, era berean. Biharamunean, Michelle Bachelet NBEko Giza Eskubideetako arduradun nagusia Vanuatun zela, Benny Wenda buruzagi independentista erbesteratuak 1,8 milioi papuarrek sinatutako eskaria helarazi zion. Jakartak haserre erantzun zuen, Vanuatuk Wendari berariaz lagundu ziolakoan Bacheletengana iristen. Duela bi urte saiakera bera egin zuten papuarrek, baina ordezkariek ez zieten agiririk onartu, deskolonizazioa NBEk aitortzen dituen hamazazpi lurralde kolonizatuei baino ez dagokielakoan. Gatazka gogortuz doa, eta uztailean beteko da mende erdi Indonesiak Papua mendebaldea beretzat hartu zuen galdeketa iruzurtitik. Adi egon beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.