Danel Agirre.
SASKI DA!

Alfabetatze emozionala

2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bi sentipen oso ezberdin. Lehiaketak erabat demokratikoak direnaren ilusioari eusten dioten mekanismoak dira jaitsierak eta igoerak. Ustez, zure auzoko taldea Lehen Mailara irits daiteke noizbait, Real Madril eta Bartzelona erregionalera jausi daitezkeen moduan. Begitazioa baino ez da hori jakina, handikiek bere estatusa babesteko gero eta amarru sofistikatuagoak asmatzen joan direlako. Tituluengatik lehiatzea ez den guztia laidotzat duten klubek, ordea, analfabeto emozional bilakatzen dituzte haien zaleak. Salbaziorako borrokak badu osagarri metafisiko bat, jokalariak eta harmaila itoarazten dituen karga bat, luxu handiko final batek inola ere eskaini ezin duena. Azken segundoan maila galtzetik libratu denaren lasaituak eta tituluen euforiak ez dute zerikusirik. Eta masokismoa izango da, edokausa galduen alde egitearen itxurakeria baino ez akaso: bi sentipenen artean aukeratu behar badu, larri zebilenaren arindu berealdikoa askoz erakargarriagoa begitantzen zaio Saski Da!-ri.

Ez dute asmatu ere egin. Saskibaloiaren kausa galduen ehiztarien artean, kultuko taldea da egungo Gipuzkoa Basket. Jarraitzaile oro uxatzearekin horrenbeste tematu da aspaldian, ezen babes oldea merezi du, injustizia poetikoagatik bada ere. Penagarri kudeatutako kluba izan da luzaroan, maskota bera ere higatzen ari zitzaiola egiaztatuta ere suspertzen asmatu ez duena. Azken urteetan Illunbera igotzera ausartu direnek «tira, sarrera oparitu didate, eta ea zer moduz» moduko desenkusekin zuritu behar izan dute plana, ingurukoek GBC ikustera bere kabuz doan norbait pertsona arrarotzat har dezaketenaz jakitun. Testuinguru patetiko samar horregatik da hain maitagarria GBC hau. Illunben zer demontre ari ziren sarri galdetu izan diote bere buruari, unerik ilunenetan ere kalerik egin ez duten mila eta bostehun bazkideek. GBCk antologiazko eskapada litzatekeena biribildu eta ACBn geratuz gero, Bartzelona zale batek imajinatu ere ezin lukeen zerbait biziko dute, egiazkoagoa, sakonagoa.

Guztiok hilko gara. Maila galtzearen ikarak ezkortasun erabatekoa eragin ohi du. Hartu ACBn jaisteko aukera errealak dituzten sei taldeak: sare sozialetan seien jarraitzaileen iruzkinak irakurri, eta guztiak daude behera doazenaz ziur. Obradoirok azken bederatzietatik zortzi galdu ditu. Estudiantes negargarri ari da norbaiti Alessandro Gentile fitxatzea ideia ona izan zitekeela okurritu zitzaionetik. Sasoi honetako Fuenlabrada zinez da talde kaskarra, eta 11 partida irabazi izanak miraria dirudi. Sito Alonsok bere jokamoldea paroxismora eraman du, eta Murtzia hirukoek salbatu edo kondenatuko dute, batek daki. McCallum beranduegi iritsi da Breoganera. GBCren egutegiak etsairik ankerrenak diseinatutakoa dirudi. Seiek arrazoitu ahal dezakete pesimismoa pisuzko argudioekin; bi baino ez dira LEB ligara eroriko, ordea.

Oztopo guztien gainetik. Gipuzkoa Basketek ez daki oraindik ACB ligan geratzeko hamar garaipen nahikoa izango dituen (ia ezinezkoa), 11.a beharko duen (litekeena) edo hamabigarrena lortzea ere tokatuko ote zaion. Bartzelona, Real Madril eta Baskoniari irabazi gabe urte batzuk daramatza GBCk, eta Fuenlabradakoa du geratzen zaizkionen artean abagune egokiena. Merituzko susperraldiaren erdian, azken egunetako bi jazoerek zertxobait itsustu diote panorama Gipuzkoa Basketi. Igandean, azken segundoan, txiripaz saskiratu hirukoarekin, lehen itzulian Illunben lortutako aldea baino txikiagoaz galdu zuen Murtziak, eta bien artean berdinketa emanez gero, bera libratuko da jaitsieratik. Bartzelonak bi porrot segidan pilatu izanak, gainera, sailkapeneko goialdea estutu du. Lehen hiru postuak finkatu samar baleude, Baskoniak, Real Madrilek eta Bartzelonak jokalari batzuei arnas emateko baliatuko lituzkete datozen bi asteak, eta GBCren aukerak askoz handiagoak lirateke haien aurkako norgehiagoketan. Ez da halakorik emango, eta beste erremediorik geratzen ez zaionez, legez eta bidez irabazi beharko die Gipuzkoa Basketek, 2012tik Illunben galdu ez duen Baskoniarekin hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.