Ane Garcia Lopez.
Iñigo Muguruza hil da. IRITZIA

Bizitza triste eta ederra

2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun

Lurra taldeko kantaria

Ezagutu zaituen pertsona bakoitzarentzat gauza asko izan zara ziur asko: laguna, idoloa, taldekidea, eredua... Niretzat ere gauza asko izan zara, baina beste edozeren gainetik maisu hitza erabiliko nuke zu definitzeko. Egun erdi daramat zure Bihotzaren minean kanta entzuten, eta, jakin badakidan arren ez zenuela guretzat idatzi, elkarrizketa bat izan dut zure kantarekin, eta kontsolamendua bilatu dut zure letretan («ez egon triste, ondo naiz hemen»*). Mila esker, berriz ere, musikaren alderik ederrena erakusteagatik.

Denbora luze daramat pentsatzen nondik idatzi zuri, ea ni ote naizen egokiena zuri buruzko ezer idazteko hemen eta orain. (Heriotzaren aurrean erantzun egokirik ba ote da?) Egia esan, ez naiz gogoratzen elkar ezagutu genuen egunaz, duela hamar urte inguru ni hamabostekin sartu nintzenean zure ikasgelan. Baina gogoan ditut ordutik aurrerakoak: Txaskarrilloak eta akordeak, despiste xarmagarriak eta filmak, liburuak eta entseguak... Bidasoaldeko zenbat haur, gazte eta heldurengana heldu ote dira zure lezio umilak? Zenbat ikasleri transmititu ote diguzu musika txikitatik egiteko gogoa?

Mundu osoan zehar jaso eta gure belarriei bueltan eman zenizkien doinuak lasaigarri eta pizgarri dira aldi berean. Zure letrak Marokoko Atlas aldea, Ometepe uhartea eta Mexikoko taxia abesti bakarrean batzeko gai dira, eta erdigunean jartzen dute beti gizatasuna; izan ere, nire ikasle fantasiatik, askotan pentsatu izan dut oso ondo ulertzen zenuela bizitza bere horretan («oraindik ez da berandu samurtasunari toki bat egiteko»**). Zure klaseetan ez nintzen gitarrista bikain bihurtu, baina bai musikaren botere eraldatzaile xumean sinesten zuen pertsona. Eta ez dakit hori ote zen maisu moduan zenuen helburua, baina nirekin lortu zenuen: hamar urte geroago, oraindik ere gogoa pizten didazu gitarrarekin taula gainera igo, eta espazio hori baliatzeko garrantzitsuak diren mezuak esateko aditu nahi duenari.

Besterik ez, Iñigo. Eskerrik asko zure ikasleoi ireki dizkiguzun ate guztiengatik eta gugan sinesteagatik; nire kasuan, mila esker bizitza triste eta eder honetan bidelagun izateko aukera emateagatik, eta, batez ere, tristura eta edertasun horren erdian sortu daitekeen guztia erakusteagatik. Bidaia on, konpai.

(«Orain banoa, hunkituta nago. Besarkada handia eta muxu bat emango dizut Hendaiako hondartzan»*)

*Bihotzaren minean ( Sagarroi)

**Paradisu zinema (Joxe Ripiau)

Sagarroiren Bihotzaren minean entzun bitartean idatzitakoa.

Hondarribia, 2019ko irailaren 5ean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.