Aimar Olaizola.
Lau eta Erdiko Txapelketako finala. IRITZIA

Irekia, eta emaitza estukoa

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Inbidia apur bat sentitu dut txapelketan, baina ez naiz damu uko egin izanaz. Zortzi final baditut jokatuak, zazpi irabaziak, eta badakit zer suposatzen duen gaurko egunak. Bi onenak iritsi dira finalera, eta partida irekia espero dut. Esperientziak esaten dit final batean dena ezberdina dela. Ezkurdiak eta Altuna III.ak orain arte egin duten bideak balio du ideia bat egiteko, baina ez beste ezertarako. Final bat detaile txikiek erabaki dezakete, baina ez soilik partidakoek. Bezperako egunak ere garrantzitsuak dira. Faktore asko hartu behar dira aintzat, eta batzuk kontrolaezinak dira. Nik baditut finalak lorik egin gabe jokatuak, urduritasunagatik.

Altuna III.a iaz baino hobeto ikusten dut. Pilota eskutik oso bizi ateratzen zaio, eta konfiantzaz dago tantoa amaitzeko garaian. Denek uste duten baino biziago ematen dio pilotari. Ezkurdia ez dago iaz bezain ondo, akaso. Iaz, gogoan dut denak atzeraka ateratzen zituela, izugarria baitzen kantxan jartzen zuen abiadura. Aurten ez dago hain ondo, baina defentsa bikaina du, eta bere buruan sinesten du orain. Arriskutsua da, eta meritu osoz dago finalean.

Bi estilo ikusiko ditugu. Ezkurdia saiatuko da gehiago botera jokatzen, aurkaria tokitik ateratzeko, eta Altuna III.aren bertute nagusia aurreko jokoa izango da. Horretan ez dute sekreturik, elkar ondo ezagutzen dute. Lehia gogorra izan daiteke, emaitza estukoa. Izan ere, maila horretako bi pilotarirekin zaila izaten da lehia haustea. Pilotakada asko espero ditut, nahiz eta sakearen bidez tanto batzuk egin ditzaketen biek. Sakea eta errestoa garrantzitsuak izango dira, baina aurkariaren jokoa une oro irakurtzeak ere asko balioko du. Inprobisatzeko gaitasuna beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.