enekoitz esnaola
ANALISIA

Presoen kaleratzea

2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Gaixorik larri dagoen euskal presoak, Zigor Kodeko 80. artikulua aplikatu ezean —baldintzarik gabe libre—, Euskal Herriko kartzela batean egon behar du ala, adibidez, Zueran (Zaragoza) edo Villabonan (Asturias)? Eta kartzelan haur txiki bat duen ama presoak? Eta 70 urtetik gorako presoak? Eta zer espetxe erregimenetan egon behar dute ezaugarri bereziko preso horiek: itxian (lehen gradua)?; arruntean (bigarrena); ala irekian (hirugarrena)?

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak iragarri du kartzela politika aldatuko dutela, eta preso eriak eta 70 urtetik gorakoak hurbilduko lituzketela lehenik. Jesus Loza gobernuaren EAEko ordezkariak esan berri du presoak aurrenik ez dituztela Zaballako espetxera ekarriko, baizik eta Zuerara eta Villabonara, eta, ETAren indarkeriarekin autokritiko azaldu ostean —Loza: «Hori ez da egun batetik bestera egiten»—, estatuak kasu bakoitza aztertuta erabakiko lukeela zein ekarri Zaballara.

Baina galdera da: gaixoek, haurren amek eta 70 urtetik gorakoek ere autokritika egin behar al dute Euskal Herrian egoteko preso? Ezetz dio Lozak berak: «Ibon Iparragirrek egin al du inolako autokritikarik gerturatua izateko?Ez. Gizatasun printzipio bat dago. Ez gara haiek bezalakoak».

Baina egoera orokorra da: Espainiako Estatuko espetxeetan dauden hogei euskal preso erietatik, hiru daude Euskal Herrikoetan, eta beste hamazazpiak, penintsulan barreiatuak; eta hogei horietatik inor ez daukate hirugarren graduan, erregimen irekian, kalera ateratzeko moduan.

Argazkia osatzeko: haur txikien lau ama presoak eta 70 urtetik gorako hirurak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan dituzte, eta inor ez hirugarren graduan.

Lozak aldarrikatzen dituen gizarteratze eta humanitate printzipioak gauzatzeko, logikoki sozialagoa eta humanoagoa da preso jakin horiek Euskal Herriko kartzeletan eta hirugarren graduan egotea; hartara, aste bukaeretako eta jaiegunetako baimenak ez ezik, baldintzapean aske geratzeko aukera lukete, eta, egunez kalean egonda, egokiera hobean lirateke gaixotasuna tratatzeko, haurra hazteko eta haren hezkuntzarako, adinaren arazoei aurre egiteko...

7/2003 legearen ondorioz, «terrorismo delitua» duten preso denentzako baldintzak gogortu egin zituzten bigarren gradutik hirugarrenera pasatzeko eta hura baliatzeko —agintariekin kolaboratu, indarkeria arbuiatu, barkamena eskatu...—. Hala ere, badira aukera legalak kartzela politika humanoago bat garatzeko: preso eriei, Espetxe Araudiaren 104.4. artikuluak hirugarren gradura pasatzea ahalbidetzen die, edota 100.2.a ere ezarri ahal zaie bigarren graduan daudenei, hirugarrenaren ezaugarriak ezarrita—ETA ekinean zen aroan aplikatzen zuten—; eta 70 urtetik gorakoei ere hirugarren gradura pasatzea ahalbidetzen die Zigor Kodeko 36.3. artikuluak.

Lanketa

Preso jakin horiek euskal kartzeletan eta erregimen irekian izatea humanoagoa den moduan, Madrilentzat autokritikarako politikoki logikoagoa litzateke gauzak erraztea, baldintzapean aske den preso batengan espero izatekoa bailitzateke progresiorik bere gogoeta prozesuan, are gehiago egoera politiko berri honetan eta aurrerabide kolektiborako mugimendu desberdinak baleude. «Orain ez du zentzurik ETArekin hitz egiteak», zioen Lozak orain hiru urte BERRIAn; «ezker abertzalearekin eta presoekin hitz egin behar da». Bada antzeko eredurik: 1998an, Mo Mowlam Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroa Maze-ko espetxera joan zen, bi aldeetako presoengana; «ez nator kontzesioak egitera, ezta negoziatzera ere», esan zuen Mowlamek, «baizik eta azalpenak ematera». Bake akordioaren eskemaren barruan, aurreratutako askatasunaz-eta ari ziren hizketan han. Hemen ez da aldebiko akordiorik izan, baina igualeko nezesidadea dago gatazkaren ondorioetan presoena ixten joateko.

Madrilek ez du berak bakarrik ekimena hartuko. Bultzatu beharko euskal gizartetik, guztia zaku berean sartzeke, baina zenbait kontutan luzamendutan ibiltzeke. Dena dela, ez da aski zehaztua ikusten preso erien, haur txikien amen eta adinekoen Euskal Herriratzearen eta baldintzapeko askatasunaren aldeko diskurtsoa. Norberak jar diezaioke bere ñabardura —gizarteratzea, kaleratzea edo beste—, baina emaitza bera litzateke: legediaren bideari jarraituta, askatasunaren bidea. Arnasa. Eta energia positiboa herriarentzat.

Gaurko lanketa horrek balioko luke, gainera, biharko egunerako. Izan ere, elkarbizitza iraunkor baterako ez da nahikoa soilik egungo legediari jarraitzea. Espainiako Estatuan, bederen, tope bat dago: 7/2003a. Ehun euskal presok baino gehiagok etorkizun beltza daukate horrekin. Esaten da martxa honetan azkenekoa 2054an geratuko dela libre —36 urte barru—, zigorra agortu ondoren. 7/2003 legea erreformatzeko edo deuseztatzeko beste borroka politiko bat egongo da jokoan, euskal presoen kaleratzean zentratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.