urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Espainiaren 'brexit'-a

2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Pablo Llarena espainiar epaileak amore ematen zuen une berean—horren era berezi eta espainiarrean, norberaren baldarkeriak ekarritako porrota hurkoari, kasu honetan Europari, egotziz—, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Irlandan zen, ia ehun urtez uhartea zatitu duen mugaldea bisitatzen.

Brexit-aren faktura edo lehendik hartutako konpromiso politiko eta ekonomikoak nola edo hala negoziazioetan adostu daitezkeen elementuak dira. Baina kosta ahala kosta zirkulazio librea eten gura baduzu, uraren zirkulazioa eteteko legez erretena edo dikea ezartzea ezinbestekoa da. Jendearen zirkulazioa geldiarazteko leku fisiko bat behar duzu. Uhartea bazara, lanaren zati handiena eginda daukazu —tira, uhartearen zati batek ere behin eta berriz gogorarazi diezazuke berak ez zuela etenaren alde bozkatu eta zirkulazio librearen aldeko dela, Eskoziak egiten duen gisan—, baina uharteaz gain beste lur zati bat ere baduzu, bi aukera baino ez dituzu: lur zati hori ere zurea denez zirkulazio mugatuko eremuan mantendu, eta, beraz, zirkulazioa etengo duten elementu fisikoak ezarri —mugak, hesiak, kontrolak, poliziak...— eta lur zati hori aparte utzi, eta kontrol horri zure uhartean soilik eutsi, muga uhartetik uhartera igarotzean ezarriz. Bata edo bestea, baina ez dago aukera gehiagorik halabeharrez zirkulazioaren kontrola izan nahi baduzu. Irlanda barruan muga ezartzeak duela hogei urteko bake-akordioa leherrarazten du, oso presente diren gerra-irudiak datoz jendearen gogora, eta hori gainditzeko Irlanda batu behar dela indartzen du. Pragmatikoa litzateke estatus berezia izatea eta uharte batetik bestera, Irlandatik Britainia Handira igarotzean ezartzea muga, baina Theresa Mayren aliatu diren unionistentzat euren britainiartasunari egindako irain onartezina da kontrolak ezartzea eta estatu beraren baitan mugak izatea, «atzerrira» (Irlandako Errepublikara eta handik Europara) kontrolik ez duten bitartean. Ezin ahaztu, baina, Eskozian bezala EBn gelditzearen alde bozkatu zutelako Ipar-irlandarrek.

Erresuma Batuak badu muga fisiko bat Europako estatu batekin, baina ez dago Irlandan. Gibraltarrera sartzeko hesia eta poliziak daude. Ez dira britainiarrak izan mugari eutsi diotenak, espainiarrak baizik. Hiria zigortzeko elementua du muga Espainiako Gobernuak, auzia hauspotzeko interes politikoa daukanean, horrek herrialdeko eskualderik behartsuenetakoa zigortu arren, Gibraltarren lanean diren andaluziar askoren lana eragozten baitu.

Baina Espainia berezia da; estatua, nazioa, nortasuna eta lurraldea ulertzeko XIX. mendeko ideia asko bizi-bizirik ditu. Teknikoki demokrazia liberala da azken 40 urteotan, Europako Batasuneko kide bat gehiago. Sufragio unibertsaletik hautatutako gobernuak egonagatik, sekula trantsizio edo depuraziorik gabeko indar armatu zein polizialean eta botere judizialean du herrena Espainiak. Detaile horiei ezaxola babestu zuen Europako Batasunak bere kidea iazko urrian Kataluniako gatazkan. Azken batean, EBko bi gidari tradizionalen, Frantziaren eta Alemaniaren lagun otzan eta leiala izan da, Parisen aliatu gai garrantzitsuetan, eta Berlinen errezeten menpeko Europa hegoaldeko defizit-krisien ondoan. Hori gutxi ez, eta brexit-arekin hasi eta migrazioekin segi hainbat herrialdek ageri zuten euroeszeptismoaren zantzurik ere ez. Espainiari beti gelditu zaio urrun Europa, eta arazorik gabe onartu du nortasun periferikoa, onurak dakartzan esparru gisa, sekula ez kide bezala eraikitzeko espazio komun legez. Herritartasunaz edo subiranotasunaz egondako eztabaidarik ez da izan Espainian, ez Maastricht ez europar konstituzioaren sasoietan ere. EB akordio interesgarria zen Madrilentzat, eta Europako Batzordearentzat buruko min handirik ematen ez zion kide bat da. Baina, Espainiako barne-arazoa ei dena gainontzeko kideengana iritsi da. Hau da, EBren esku egon ordez, Belgika, Alemania edo Eskoziako justizia-erakundeei Espainiako parametroak bere egitea eskatu die Madrilek. Bata bestearen atzetik etorri zaizkio zaplaztekoak, eta azkenean euroaginduak bertan behera utzi ditu Pablo Llarena epaileak.

Brexit-aren korapiloak oso itxura txarra du Londresentzat, eta Brusela bere jarrerari tinko eutsi behar diolakoan dago, kontzesio txikienak besteen euroeszeptizismoa hauspotu duelakoan. Gainontzeko herrialdeek lezio hori gogorra izango dela jabetzeaz bat, Europaren aurkako mezuak nagusitzen hasi dira Espainian lehen aldiz. Schengenen aurka mintzatu da Espainiako eskuina, eta Pablo Llarenak tonua are gehiago igo du. Babes eta helduleku nagusi zuenak, kale egin diola uste du espainiar nazionalismoak. Eta bere arazoen errua atzerriko konspirazioei egotzi izan dienean, Espainiaren porrota iritsi izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.