Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Deseroso

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Terre Thaemlitzek gauzak zail jartzen dizkigu bere jarraitzaileei. Haren hainbat argitalpen SDHC memoria txarteletan saltzen ditu, eta, arren, Internet bidez partekatzeko eskatzen digu. Horietako bat MP3 artxibo baten edukiera maximo osoa betetzen duen 31 orduko pieza bat da, eta plazaratu berri duen Deproduction musika, testu, marrazki eta bideoen konbinaketa da. Baina, formatu bitxiez gain, haien edukiera da benetan deserosoa eta erronkaria dena. Collage moduko konposaketa elektroniko askeak edota DJ Sprinkles izenpean egiten dituen house/techno nahasketa goxoak direla, haiei lotzen dien (batzuetan esplizituago, besteetan lausoago) mezu soziopolitiko eta sexualean datza gakoa.

Genero anbiguotasunetik askoz haratago doan queer jarrera konplexu eta koherente baten ondorio da Terreren lurrazpiko jarduera intimo eta konplikatua, eta horrek entzulearen edo hartzailearen konplizitate sendoa eskatzen du.

Bide horretatik, Deproduction-ek erabat kolokan jartzen du gure gizartean hain sakonki errotuta dugun familia kontzeptua. Gaitz guztien sendagarri eta orekatzaile moduan aurkezteak ezkutatzen duen hipokrisia eta kontrol egarria salatzen ditu bortizki. Ezin luzatu hemen, baina haren hausnarketen sakontasunak eta haren izaera ziztagarriak erabat astintzen naute, eta, behin baino gehiagotan, ahituta, gaindituta, hitz edo iritzirik ahoskatu ezinik sentitzennaiz.

Baina ez al da hori artearen benetako helburua? Noiz erabaki genuen entretenigarri hutsa eta kultur egitarau eta eraikin modernoen eduki komertzial kamutsa bihurtzea? Noiz onartu genuen haurren moduan komenigarria eta gomendagarria zer zaigun erabakitzea Facebooken algoritmoen eta kultur egitarauen babesleen eskuetan uztea? Are gehiago, noiz esan eta sinetsarazi ziguten dena gustukoa eta atsegina izan behar zaigula? Aski da: gustatu ala ez, Terre bezalako asko beharrezkoak ditugu gure inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.