Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Deluxe

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Musika argitaratu, erosi eta kontsumitzeko dugun modua goitik behera aldatu da, eta etengabe aldatzen ari da azken urteetan. Dena dugu eskura, garai eta jatorri guztietako doinuak sagu klik pare baten atzean. Baina melomanoen paradisu beharko lukeena, gehiegikeriak hauspotutako amesgaizto bilakatzen zaigu sarritan. LP/CD kaxa erraldoi moduan plazaratutako deluxe berrargitalpenak dira agian adibide garbi eta mingarriena. Bereziki disko jakin baten demo eta baztertutako doinu guztiak, eta estudio edo zuzeneko induljentzia une bakoitza dokumentatzen duten bilduma amaiezinez ari naiz. Goitik behera entzuteak eragin dezakeen tripakadak, artistarenganako maitasuna eta mirespena handitzera baino gehiago, aspertzera, lilura galtzera eta muturrera eramanda, gorrotatzera eraman baitzaitzake. Hori gutxi balitz, ez ote da merkatuaren prezioak artifizialki puzteko estrategia hutsa?

Bilduma batek narratiba bat behar du. Existitzeko bermea ematen dion helburu eta arrazoi baten ezean, diru-xahutzaile hutsa baino ez da. Argitaratzaileen arakatze lan sendo eta sakona eskatzen du testuinguru egoki bat eraikitzeak. Artisten obrarekiko errespetu eta maitasun osoz, etekin ekonomikorik espero gabe, batzuetan dirua galtzeko ere prest egon beharra dago, eta gogorra suertatzen da. Zorionez, badira horri guztiari aurre egiten dioten musikazale amorratu eta ausartak, eta horiei esker, lerro hauek idaztera bultzatu nauten moduko bilduma-altxorrak eros eta goza ditzakegu:

Bata Holger Czukayren Cinema, 50 urtean ekoitzitako doinuen puzzle txundigarria, etengabe aldakorra, askaezina eta beti liluragarria. Bestea, Ursula K LeGuin idazleak Todd Bartonekin batera sortutako Music and Poetry Of The Kesh doinu eta poesia bilduma. Bere irudimen oparoak sortu zuen Kesh tribuaren doinu herrikoi ezin ederragoen lagina. Biziki gomendatu nahi nituzke biak, eta bide batez, bi kasu hauetan Grönland eta RVNG Intnl diskoetxeen antzera, munduan zeharreko milaka zigilu txikiak egiten ari diren lan miragarria txalotu nahi nuke nire zutabetxo honetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.