Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Stockhausen hari musikalean

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Musikarekin erlazionatutako gertakari, artista edo argitalpenetan oinarritzen naiz gehienetan zutaberako, baina, oraingo honetan, ikuspegi zabalagoa duen auzi batek deitu du nire atentzioa. Apirilaren 8ko alean Itziar Okariz artistari egindako elkarrizketa eta, bereziki, azken honen hurrengo hitzak izan dira nire idazteko nahi eta beharra piztu dutenak: «Jendeak arte garaikidearekin izan dezakeen harremana interpretatzeko boterea, autosufizientzia, kentzen diguten mekanismo kultural batzuetatik egiteak, horrek arduratzen nau». Esperientzia pertsonaletik abiatuz, soinu artearen mundurako beste inorako baino zuzenagoak eta premiazkoagoak iruditzen zaizkit.

Ilargi Agirrek, ale berean, John Cage konpositore aurrerakoiak idatzitako 4'33— «isiltasun osoko» piezak sorrarazitako harridura, ezinegon eta, sarritan, mespretxuaz dihardu. Eta biak irakurtzean, David Stubbsen liburuaren izenburua datorkit burura: Musikari beldur. Zergatik onartzen dugu Rothko eta ez Stockhausen?. Hala da eta. Itziarrek dioenarekin ados baldin banago ere, musikaren kasuan oraindik eta nabariagoa dela esango nuke. Rothkoren poster bat ofizina batean aurki dezakegu lasai asko, baina bere garaikide diren Cage edo Stockhausen-en piezak «hari musikalean» egotea erabat pentsaezina da. Musika eta soinua oso modu mugatu eta arautu batean esperimentatzera ohitu gara; sarritan, «ondo pasa beharreko» aitzakiaz, artistarekiko errespetu handirik erakutsi gabe gainera, eta hortik ateratzen bagaituzte, galduak gara, ez dugu ezer «ulertzen», eta amore ematen dugu: «Hori ez da musika».

Gaztemaniak-en proiektu berria edo antzeko beste hainbat direla, musika jendeari eta batik bat gazteei helarazteko formatu egokiaren bilaketa etengabean gabiltza, eta funtsezkoa dena ahazten ari garela iruditzen zait: entzulego horren heziketa. Musika eta, oro har, soinuaren bidez eraikitako artelana norberak bere erara hausnartzen, «ulertzen» eta, azken batean, gozatzen ikasteak ahalbidetuko digu benetako aurrerapauso bat ematea eta behingoz orainari eta etorkizunari begiratzen hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.