Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Isiltasuna

2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Egun batzuetan gauez, autoan bakarrik eta ordu txikietan noanean, isiltasuna eskatzen dit gorputzak eta musikarik ez jartzea erabakitzen dut. Batzuetan, isiltasuna beharrezkoa egiten zait, belarriak nekatuak izango banitu bezala sentitzen bainaiz. Halakoetan, nire haurtzaroko musika irakaslearekin gogoratzen naiz, berak esaten baitzigun klasean: «Musikarik onena isiltasuna da». Eta niri oso esaldi ona iruditzen zitzaidan orduan. Orain, urteek ematen duten perspektibarekin, zalantza sartzen zait gelan isiltasuna mantentzeko ez ote zuen esaten.

Edo ez. John Cageren zale amorratua izango zen agian irakaslea. Izan ere, John Cage musikariak isiltasuna konposatu zuen 1952an. 4,33 pieza aurkeztu zuen egunean, Cagek bazuen garai hartako AEBetako musika abangoardian izen bat irabazia, eta aretoa beteta zegoen. Oholtza gainera igo eta pianoaren aurrean jarri zenean, ordea, pianoaren tapa itxi zuen. Horrela mantendu zen 30 segundoz. Ondoren, tapa ireki eta berriz ere itxi zuen, bigarren mugimendua izango zenaren seinale gisa. Eta, hala, isilik ezer egin gabe mantendu zen 2 minutu eta 23 segundoz. Han bildutako asko alde egiten hasi ziren, gustu txarreko broma bat zela pentsatuz. Azken aldiz keinua errepikatu zuen, ordea, eta halaxe egon zen partitura zuriari begira beste minutu bat eta 20 segundo.

«Banekien jende askok broma txartzat hartuko zuela ideia. Nik nire musika nire mania eta gustuetatik urrun egotea nahi nuen. Transmititu nahi izan nuen inguruan entzuten zuten musika interesgarriagoa izan zitekeela edozein kontzertutan entzuten zuten musikarekin alderatuta», adierazi zuen Cagek.

Haren arabera, isiltasuna ez da existitzen. «Erakutsi nahi izan nuen nire pieza hau ez zegoela oinarrian isiltasunarekin egina. Lehen mugimenduan, kanpoko haizea entzuten zen; bigarrengoan, euri tantak, eta hirugarrengoan, jendea hitz egiten edota alde egiten». Lau urte pasatu zituen obra hori pentsatu eta osatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.