Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Tamesis

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Londresen kokatzen da bideoa. Protagonistak esku artean Oyster bonu txartel bat darama ,eta metroko ateak irekitzen dizkio blip hots elektronikoz. Kalerantz abiatu, eta ibairantz gerturatzen da, txartela esku artean duela oraindik. Ibaiertzeko petrilean geratu, eta, besoa luzatuz, txartela uretara botatzera doala dirudi. Irudia eten egiten da instant batez, eta, berriz agertzean, txartela desagertu da dagoneko. Ibaira bota edo poltsikoan gorde ote duen ezin jakin. Trip hop kutsuko doinu lauso eta misteriotsu batez jantzitako hitzak: «Begiak irekitzeko eskatzen badidazu, itxita mantenduko ditut... pentsamenduak barnean gordetzen ditut... ez zara ni aurkitzeko gai izango... oyster-ean Parlamentuko Etxeen parean nago... Ahaztua izateko eskubidea nuela uste nuen».

Abestiaren kantari eta egileak Lolina du izena, eta, dagoeneko, bai bakarlari moduan bai Hype Williams bikoteko partaide moduan, hamar bat disko plazaratu ditu. Edo hala uste dugu zaleok behintzat, berataz ezer gutxi baitakigu, eta diskoak benetan nork grabatu dituen ziurtasun osoz jakiterik ere ez baitago. Bertan aurkitzen den musika liluragarri, bitxi, ebatziezin hori, enkriptatutako ehunka mezu gordetzen dituela eta haiek banan-banan bakarrik azalaraz daitezkeela dirudi. Bere musika ederrari hitz egiten utziz «ahaztua» izateko eskubidea aldarrikatzen du Lolinak, eta, oraingo honetan, inoiz baino era esplizituagoaz azaldu digu bere jarrera.

Baina, oraingoan, guri bidaltzen digun mezua da agian sendoena. Geuk ere tren horretara igo, gure oyster txartelak ibaira bota, eta zorioneko mundu digital honen radarretik alde egin baitezakegu. «Ahaztuak» izateko beldurrak eusten gaitu beti, baina, aldi berean, aurrera egiteko behar geroz eta handiagoa sentitzen dugu. Ez da bakarra eta ez da lehena, eta, ebazpen magikorik ez badakar ere, kezka hori Lolinak baino era ederragoz eta koherenteagoz azaldu duenik ez dago, nire ustez. Haren hitzak nire egin, eta zutabe honetara ekartzeko nahiko eta sobera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.