Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Senyawa

2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Egun, Senyawaren musika baino txundigarriagorik ez da. Vincent Moonen Calling The New Dogs film laburrean eta izen bereko disko liluragarrietan aditzera ematen den legez, indonesiar bikoteak antzinako trantze moduko dantza eta exorzismo erritualak soinu esperimentazio bortitzenarekin modu ezin zirraragarriago eta ederragoz nahasten ditu. Era horretan, azken lauzpabost urteetan bere grabazioetara eta, bereziki, bere zuzeneko emanaldietara gerturatu den oro aho bete hortz utzi dute. Baina oraindik eta harrituago geratu gara elkarrizketa eta artikuluen bitartez pittin bat gehiago arakatu eta Rully Shabara eta Wukir Suyradiren istorioaz jakin ahal izan dugunok.

Alde batetik, Senyawaren egungo egoitza den Jogja hiriak 90eko hamarkadaren bukaeratik, noise, elektronika, pop, metal, punk eta hardcoretik abiatuz, era guztietako soinu esperimentalak lantzen dituen artista komunitate zabala eta anitza izan duela irakurri baitugu. Eta bestalde, Shabararen eta Suryadiren nekazari jaioterri txikian, kuda lumping izenez oihu eta espasmo inprobisatu eta basatien artean ematen diren trantze moduko posesio erritualak eguneroko gauza direla jakin baitugu, eta bertako musikariek zabortegietatik ateratako gong eta xaflak kolpatuz egiten dituztela bere akonpainamendu guztiz hipnotikoak. «Punka baino punkagoa», beraiek dioten bezala. Horixe eraman zuten Jogjara, eta hogei urtez Indonesiako kaleetan antzeztu dute ondoren. Horixe zabaldu dute mundura, musika jarduera berriak eta, aldi berean, inor baino zaharragoak ekarri, eta hitzik gabe utzi gaituzte.

Musika hau entzutean, iruditzen zait ohiko indargune ekonomikoetatik at geratzen diren herrialdeetako kultura, oraindik ere, sarritan, kolonial ikuspegiz eta nagusitasun konplexuz hartzen dugula. Lapurretaz aritzen gara, baina hori esatean, garatu gabeko tribu basati gaixoen txutxeri dekoratiboen irudi bat dugu buruan. Nork lapurtzen du nor, eta nork eragiten du nor? Nor da berria, nor zaharra eta nor garatua? Kultura gauza bizia eta nahasia da, etengabe aldatzen eta eraldatzen dena; hala behar du, eta ez txutxeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.